Iker Rodrigo: "Absolbituak, Euskal Herriaren garaipena!"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko eka. 19a, 13:24

Maiatzaren 18an D3M eta Askatasunaren kontrako epaiketaren bukaera bizi izan genuen. Bertan fiskalak bere eskaerak aldatu eta 5 zein 6 urte eta 5 hilabeteko kartzela zigorrak eskatu zizkigun. Horrekin batera, Aitor Liguerzana, beste kasu batengatik kartzelan dagoen gasteiztar gaztea eta Kanpezuko Txiki Antiaren kontrako akusazioak bertan behera utzi zituen. Hilabete bat pasata, eta kalez jantzitako txakurren gertutasuna ikusteak beste zerbait pentsaraztera eraman banau ere, ekainaren 18an absolbitzen gaituen sententziaren berri izan dugu. Sententziaren berri izan dudan honetan ezin ditut ahaztu euren epaiketa noiz helduko zain dauden eskualdeko herritarrak, Jose Luis Franco, Izaskun, Maite, Gabi, Marije, Xabier eta Imanol edo oraindik kartzelan preso daukaten Erika... buruan ditut ere torturapean sinaturiko deklarazioen aitzakian kale borrokan aritzea edo ETA erakundeko militante izateagatik egoera berdinean edo kartzelan daudenak, haientzat nire berotasun eta elkartasun handiena. Argazkian, Iker Rodrigo atzo Astrabuduan eskubide zibil eta politikoen alde egindako elkarretaratzean bildutako 50 auzokideei mintzatzen.

Herri honen askatasunaren aldeko borrokan lehentasuna izan behar du kartzelak betetzeari uztea eta kartzelatan dauden lagun eta kide guztiak baldintzarik gabe askatzea, izan ere herri askea izateko preso politikorik gabeko herria izan behar gara, eta ez izan zalantzarik herri askea izatera helduko garela. Espainiako Barne ministroak egindako adierazpen nazkagarriak, zeinetan preso eta senideen gain jartzen zuen dispertsioaren ardura, argi erakusten digute haien izaera politikoa ukatzen duten arren Estatuak presoekin egin nahi duen erabilpen politiko onartezina. Guda ministro berri honi ozen esan behar diogu, jada ez dagoela aitzakia merkerik, Estatua dela mugitu behar dena eta herri honen seme alaba maitatuenak etxean izan arte jarraituko dugula lanean, borroka hori ere irabaziko dugula... bere hitzak nire eginez ahal bezain pronto denontzako hobe.

Kartzelara eta auzitegiko akusatuen aulkira eraman gintuen Alderdien Legeak salbuespen egoera onartezina ezarri eta herri honen errealitatea ordezkatzen ez duten instituzioak osatu ditu, herri honen sektore zabal bat ilegalizatuz gehiengo faltsuak lortzea baitzen haien helburua, ezker abertzalea errepresioan murgilduz iniziatiba politikorik gabe utziko zutelakoan. Hori zen 2009ko hauteskunde "vascongadoetako" testuinguruan gure kontrako operazio poliziala, atxiloketak eta espetxeratzeen helburua, Eusko Legebiltzarraren ordezkaritza trukatzea.

Errolda manipulatuz helburu berdina daukate orain. "Alde egin behar izan dutenei" Euskal Herrian bozkatzeko eskubidea eman nahi diete, hau da, azken hogeita hamar urte hauetan Euskal Herrira guda egitera ekarri dituzten guardia zibil zein polizi guztiak eta haien senideek hemen bozkatzeko aukera izatea nahi dute. Helburua argia da, Marokoko Martxa Berdearen bitartez Sahararekin egin bezala Euskal Herria kolonizatu nahi dute, baina oraingoan jendea mugitu barik gainera. Egin asmo dituzten moldaketa berriek ez dute soilik hautes-leiha baldintzatzeko helburua, gehiengo espainolista irreal bat osatu nahi dute herri honen etorkizuneko erabakiak manipulatzeko. Beldur dira. Beldur dira jakin badakitelako eskaintzarik gabeko Estatu baten aurrean gehiengoak independentziaren aldeko hautua egingo duela, herri honentzako zama besterik ez den Espainiatik aldentzeko hautua egitera doala eta hori ekidin behar dute, berriz ere tranpa egiten.

Gehiengoa gara herri honetan eta urratsak ematen gaude hori eremuz eremu antolatu eta aktibatzeko herri honen eskubideak lortzeko eta ate hori ere itxi nahi digute lotsa eta izpi demokratiko minimo barik.

Baina guk erabaki ausartak hartu ditugu azken garaian, gure bidea guk marraztea erabaki dugu eta Madrilera begira egon beharrean argi dugu Euskal Herrian dugula ipar orratza jarrita. Aske egingo gaituztenak ez dira Madrildik datozen epaiak edo arau berriak. Herri honek hartu behar dituen erabakiak egingo gaituzte aske. Beraz ezin gara zain gelditu, zain dagoena galtzeko prestatzen delako eta gu irabaztera goazelako.

Gaur berri ona Madrildik heldu bazaigu ere, ezin dugu ahaztu Euskal Herria izan dela absoluzio hau lortu duena. Gaurko epaia Euskal Herrian azken urteetako erabaki, mugimendu eta indar metaketaren ondorio zuzena da, ez soilik epaiketaren testuinguruan egindako lanaren ondorioak baizik eta eskubide zibil eta politikoen alde eta Alderdien Legearen kontra egindako lan guztia fruituak eman ditu oraingoan. Epai honetaz baliatu behar gara orain bestelako epaiketen etetea aldarrikatzeko eta Euskal Herrian gatazkaren konponbideari zabaldutako aukeran urrats ausartagoak emateko, ezin baitugu ahaztu absoluzioa egon arren egun salbuespen egoera bere horretan mantentzen dutela.

Egoera irauli egin dugu, mugitu gara eta mugimenduekin baldintza berriak sortu ditugu herri honentzako, baldintza berriak eta hobeagoak herri bezala aritzeko eta Estatu oso bat mugiarazteko. Ondo antolatu beharra daukagu eta soilik horrela herri honen eskubideak irabaziko ditugu. Estatua mugituko dugu, mugituko ditugu, immobilismoa hautsi eta mugitzera behartuko ditugu baina ziur asko Estatuaren mugimenduak nahi baino motelagoak eta norabidean okertuak emango dira. Ezin dugu pentsatu Estatua hautu demokratikoak egitera joango denik, mugimenduak herri honetan indartzen doan eremu independentistari aurre egiteko egingo ditu. Beraz presta gaitezen borroka horretarako ere, presta gaitezen herri honen gehiengoarekin eta nazioarteko laguntzarekin herri bezala pentsatu eta haritzeko, inoren zain eta inori begira egon gabe, hor dugu gure bidea.

Eremu eta aldarrikapen ezberdinen baitan indarrak batzeko garaia da, ETA-k emandako urrats historikoa egon diren aitzakia guztiak mahai gainetik kendu ditu, egun Euskal Herriko egoera politikoa baldintzatzen duen biolentzia bakarra Estatutik datorren biolentzia da eta horren aurrean Euskal Herriaren alde egiten dugunok indarrak batu eta aurrera egin beharra daukagu.

Argi erakutsi dugu euskal herritarren gehiengo zabalak egoera hau irauli eta eszenatoki demokratiko bat eraikitzearen aldekoa dela, argi gelditu da ere gehiengo zabalak dauzkagula herri honetan presoak herrira ekarri nahi dituena, ilegalizazio estrategia gainditu nahi duena... eta argi utzi dugu ere indar hori fruituak ematen dituela. Orain iritzi horiek iritzi izatetik kalera ateratzeko erronka dugu parez pare. Ez da etxean gelditzeko unea, ez da geldi egoteko unea, lana, konpromisoa eta borroka garaiak dira hauek, gehiengoak osatu ditugu, orain indar horiek kalera atera eta lanean era eraginkor batean jartzeko erronka dugu.

Lasai eta harro geundela esan genuen epaiketa hasi aurretik eta lasai eta harro gaude epaiketa eta sententziaren ostean ere, lasai, egindako lanean sinisten dugulako, egin dugunaz harro gaudelako eta herri honen alde lanean jarraituko dugulako. Argi dugu borrokak merezi duela eta gure bultzada ematen jarraituko dugula, guztion bultzada beharrezkoa delako eta guztion bultzadarekin lortuko dugulako, ez izan zalantzarik, Euskal Herriaren garaipena izan da hau, indar berritu eta aurrera egiteko garaipena.

Hau idazten nagoela irakurri berri dut Txus Martin, gaixotasun larri bat jota kartzelan mantentzen duten Basauriko presoa, beste epaiketa batetik absolbitua atera dela. Ezin dut aukera hau galdu Txusen berehalako askatasuna aldarrikatzeko. Animo eta musu bat Txus, etxean izan arte jarraituko dugu borrokan, eta gero ere bai.

Iker Rodrigo Basterretxea auziperatu lutxanarra
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun