San Juan gaua, urteko gaurik laburrena, Sorgin Gaua, udako solztizioaren jaia... Hamaika izen jarri ohi zaio ekainaren 23ko ospakizunari. Baina gau honen protagonistak izen bakarra du: sua! Sopelan, San Juan sua pizteaz gain, beste hainbat jarduera ere izango dira. 20:00etan, esaterako, Katu Butu taldea kalez-kale ibiliko da bazterrak girotzen eta alaitzen. Horren ostean, txikien eta ez hain txikien gozamenerako, txokolatada erraldoia egingo dute Urko kiroldegian, 21:00ak aldera. Azkenik, Deabru Beltzak talde ezagunaren kale-animazioa eta "Les tambours de feu" emanaldi ikusgarria egongo dira. Eguna biribiltzeko, tradizioari jarraituz, San Juan sua piztuko dute Urkon, eta piztiak, ziraunak, zapoak eta urteko gaitz guztiak erretzeko aukera egongo da. San Juan, zelan etorri... ala joan! Argazkia: © Deabru Beltzak.