Areetako Andres Isasi Musika Eskolako Bandak bere 25. urteurrena ospatuko du asteazken honetan, Musikaren Nazioarteko Egunean. Bi ospakizun horiek direla eta, kontzertua eskainiko du bandak Biotz Alai plazan, 19:00etatik aurrera, eta Amerikako Estatu Batuetako (AEB) artista handien piezaz osaturiko programa interpretatuko du. Egitarau horren bidez AEBetako historian zehar eraman nahi du publikoa. Hautatutako pieza guztiak oihartzun handia izan zuten garai batean eta "Made In Usa" estilo berezia dute, Getxoko Kultur Etxetik jakinarazi dutenez. Saioaren lehenengo zatian, John Philip Sousaren "Washington Post" martxa ezagunaren ostean, James Barnesen "Appalachian Overture" klasikoa eta, amaitzeko, zine amerikarraren historiako funtsezko pieza den Leonard Bernsteinen "West Side Story" joko du taldeak. Bigarren zatia zinearen beste klasiko batek hasiko du: John Barryren "Dances With Wolves". Jarraian, Frank Sinatraren abesti arrakastatsuenen 'medley' bat eskainiko du bandak eta, azkenik, Glen Miller tronpeta-jotzaile ospetsuak zuzendutako orkestra mitikoaren pieza ospetsuenen moldaketarekin amaituko da kontzertua. Argazkia: © Getxoko Kultur Etxea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!