Arlanekoaz gain, beste bi sari banatu zituzten atzo Euskaldunan. Alde batetik, Joxe Anjel Iribar "Txopo" Athletic-eko atezain ohiak Bai Euskarari Laguna oroigarria jaso zuen bere ibilbide osoan euskararen alde egindako lanaren aitorpen gisa. Izan ere, euskal gizartearentzat erreferente izan da, eta euskara mundu guztira zabaldu du ahal izan duen guztietan. Futbola utzi zuenean ere, futbolaren terminologia lantzen zuen euskarazko hiztegia sortzeko dirua jarri zuen, eta halako hainbat proiektu eta ekarpen egin dizkio euskarari.
Beste aldetik, Bai Euskarari Saria ere jaso zuen Skunkfunk enpresak, negozio berritzailea, gaztea eta dinamikoa izateagatik eta azken urteotan euskara mundura zabaltzeko egin duen lan guztiagatik. Bereiztea zaila da modaren munduan, baina Skunkfunk-ek ezberdina dela eta nortasuna duela erakutsi du, eta gaur egun mundu osoan ditu dendak, Frantzian, Irlandan, Portugalen, AEBetan...
"Guztiok eman behar ditugu urrats biziak"
Rober Gutierrezek Arlan, Joxe Anjel Iribar eta Skunkfunk zoriondu zituen. Baina sarituez ez ezik Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten entitate guztiak eta horien atzean lanean ari diren pertsona guztiak izan zituen gogoan. 2012ko Bai Euskarari Ziurtagiriaren spotean oinarrituz egituratu zuen bere diskurtsoa Gutierrezek. Guztiok izan behar dugula euskararen lider esanaz abiatu zuen hitzaldia, eta kalitatea eta profesionaltasuna beharrezko baldintza gisa aurkeztu zituen. Eta jarraian, gertuko eta konfiantzazko izateko ari direla lanean gaineratu zuen: “Merkatu global honetan bizirauten duten enpresak ez dira enpresarik handienak izaten, hobekien egokitzen direnak baizik. Gure inguruan euskarak gero eta leku handiagoa du eta, horrenbestez, enpresek merkatuaren eskaerei erantzuteko gai izan behar dute”.
Ekitaldia amaitu aurretik, etorkizunean ere urrats biziak ematen jarraitzeko asmoa iragarri zuen. Hala, Ziurtagiriaren Elkarteak urte honetarako aurreikusten dituen egitasmoak zerrendatu zituen: Bizkaiko hedapen kanpainarekin aurrera egitea, "Bai Ziurtagiriaren Aldizkaria"-ren paperezko edizioarekin jarraitzea, martxan jarri berri duten buletin elektronikoa gehiago hedatzea, sektorekako egitasmoak antolatzea, blogeko eta sare-sozialetako jardunean Interneten erreferente bilakatzea, euskararekin zerikusia duten jardunaldi, hitzaldi eta mahai inguruetan parte hartzea, edota Enpresarean ekimena garatzea.
Azken egitasmo horren harira, Bai Euskarari Ziurtagiriaren zuzendariak azaldu zuenez, urriaren 2an Enpresarean azoka egingo dela Kursaalen. "Azoka honen bidez lortu nahi den helburu nagusia da enpresei negozio-aukerak handitzea eta proiektu enpresarial berriak sortzea, euskaratik eta euskaraz. Horrez gain, euskaraz lan egin nahi duten edo-eta zerbitzua euskaraz eskaini nahi duten organizazioei erraztasunak eman nahi zaizkie, eta euskarazko zerbitzuak/ produktuak eskaintzen dituzten entitateei salmentarako gune bat eskaini". Azken batean, arlo bereko edo arlo desberdineko enpresen artean elkarlana sustatzea, esperientzia ezberdinak trukatzea eta hornitzaile/ bezero berriak aurkitzea da xedea. Hori guztia baina, euskara elementu komuntzat duten enpresa, elkarte eta entitate ezberdinen artean.