San Juan jaietarako egitarau oparoa prestatu dute Leioako txosnek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko eka. 20a, 14:03

Ekitaldiak joan den ostiralean hasi ziren arren, ostegun honetan, ekainak 21, emango diete hasiera ofiziala San Juan jaiei Leioan. Hartara, bihar bertan zabalduko dituzte txosnak anbulatorio atzealdeko aparkalekuan. Ohi bezala, Maritxu Teilagorrik egitarau oparoa prestatu du eta, 21:00etan txosnak zabaldu ondoren, sardina jana egingo dute ordu bete beranduago. Gau horretako kontzertua, berriz, 23:00etatik aurrera izango da, Striknina eta Zea Mays taldeen eskutik. Hurrengo egunean, ostiralean, Orreaga 778 taldea igoko da oholtzara 23:00etan, Aire Aire! taldeak erromeria eskaini aurretik. Akelarrea, ohitura legez, San Juan bezperan egingo dute, gauerdian, txosna gunean. Hala ere, aurretik egongo da zertaz gozatu: mozorroak, dantzak, sorgin txikiak, buruhandiak, haurrentzako jolasak... Tigre plazan (18:00); Akelarreko poteoa Xcaret tabernatik hasita (19:00); txitxiburruntzia eta sagardoa Plaza Gorrian (21:00); eta Iratzar taldearen erromeria txosnetan (23:00). Amaitzeko, igandean, goitibehera lasterketa egingo dute, 18:00etan, Mulligans-en hasita. Ondoren, Irrien Lagunak eta txokolate jana izango dira txosna gunean. Eta azkenik merienda egingo dute. Argazkian, akelarrea prentsatzen Leioako txosnagunean.

Leioako San Juan jaien egitaraua (pdf)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun