Julio Araluze ikerketa bekaren deialdia zabaldu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko eka. 20a, 17:19

Julio Araluze algortarra zenaren omenez, urteroko ikerketa beka sortzea erabaki zuen 2008an Gizarte Ikerketarako Talde Eragileak (Gite-Ipes), hain zuzen ere, omenaldia haren ikerkuntza lanaren jarraipenean isla ahal dadin. Gaurkoan, Gite-Ipesek bekaren V. deialdira aurkezteko epea ireki du. "Euskal Herriarentzat interes berezia duten gai sozial eta historikoetan" oinarritutako proiektuak, "zentzurik zabalenean ulertuta", aurkeztu ahal izango dira uztailaren 16a baino lehen. Proiektu interesgarriena aurkeztuko duen pertsonak 3.000 euroko laguntza eskuratuko du, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) dagokion kopurua kenduta. Baldintzak eta bete beharreko inprimakiak hemen ikus daitezke. Lan guztiak onartuko dituzte, baina euskaraz sortutakoek eta emakumeen aldagaia txertatuko dutenek lehentasuna izango dute. Bestalde, lanen originaltasuna, sendotasuna eta interesa aintzat hartuko dira. Argazkian, Julio Araluze zena / © Gite-Ipes.

Aurtengoa beka horren bosgarren deialdia da. 2008an irabazlea, Josu Martinezek burututako “Itsasoaren alaba” dokumentala izan zen. Lan horren protagonista Haize Goikoetxea Ugarte da. Ipar Euskal Herrian jaio zen eta errefuxiatu bikote baten bigarren alaba da. Urte bi bete gabe zituela, GALek Mikel Goikoetxea, “Txapela”, hil zuen: bere aita. Dokumentalean Haizek bere aita ezagutu zuten lagun, senitarte eta kideak elkarrizketatzen ditu. Euskal Herri osoan izugarrizko arrakasta izan duen dokumentala, baita atzerrian ere. 50 emanaldi baino gehiago, 3.500 pertsonatik gora parte hartu dutelarik. Madril, Andaluzia, Italia (Erroma, Venezia, Florentzia, Bergamo, Napoles,…), Alemania, Danimarka, Suitza, Eslovenia, Irlanda, Estonia,…hainbat eta hainbat lekutara heldu zen Gite-Ipes, “Itsasoaren alaba”-ren eskutik.

Etorkinak eta integrazioa

2009an berriz, Euskal Herriko migrazio mugimenduetara hurbildu, eta etorkinak nola bilatzen eta lortzen duen integrazioa aztertu nahi izan zuten “Etorkinak eta integrazioa. 50-80ko hamarkadetako etorkinen integrazio moduak Hego Euskal Herrian” ikerlanaren bitartez. Julen Zabalok zuzendutako taldeak aurreko immigrazio mugimendua gogoratu nahi izan zuen ikerlan horretan, oraingoaz gogoeta egiteko, lehengo esperientziatik zerbait ikas daiteke eta.

Esperientzia hori abiapuntu hartuta, etorkinen integrazioak urtetan sortu duen eztabaidan sakondu nahi izan zuten. Eztabaida hori politizaturik egon da Hego Euskal Herrian ari diren nazionalismo bien proiektuen talkagatik, eta horrek integrazioa termino politikotan bakarrik ulertzera eraman du.

Garai hartako etorkinen integrazio moduez hitz egiteko, orduko egoeraren protagonistengana jo zuten, eta Hego Euskal Herriko herrialde guztietan zehar etorkinekin eztabaida taldeak antolatu ziren, Altsasun, Barakaldon, Bastidan, Bergaran, Berriatuan, Gasteizen, Iruñean, eta Pasaian, hain zuzen ere.

"Dudarik gabe ondorio interesgarri eta esanguratsuak atera ditugu ikerketa lan honetatik, gaurkotasunez beteak. Izan ere, gaur egun, immigrazio mugimendu berriak bizitzen ari gara Euskal Herrian. Gite-Ipesen aburuz, gaurko errealitateari erantzuteko atzoko esperientzia ezagutzea baliagarria izan daiteke; gure historia hurbilaz ikastea", azaldu zuten antolatzaileek.

2010ean, ordea, "Eta gazteok zer? Euskal Herriko gazteon aldaketa eta joera soziopolitikoak" proiektuak jaso zuen laguntza; eta 2011n, oraindik bukatu gabe dagoen "Migratzaileentzako harrera eragileen azterketa euskaran oinarritutako hizkuntza-integrazioaren ikuspuntutik: administrazioaz kanpoko eragileen azterketa" lana lagundu zuten.

Julio Araluze

Besteak beste, Getxo Biziaren sorrera unetik, ezker abertzaleko herri plataforma horrekiko atxikimendu aktibo eta militantea agertu zuen Julio Araluze "Julito" Filosofia irakasle eta Gite-Ipes-eko kideak. 2005eko abenduaren 17an hil zen, egun luzeak ospitalean eman ondoren. "Ikus daiteken moduan, egitasmo oso ezberdinak martxan jartzeko erabili dugu beka hau. Izan ere, Julio Araluze Bekarekin Euskal Herriaren errealitate politiko, sozial edota kulturala aztertu eta azalarazi nahi dugu; lan hau hainbat ikuspegitik egin daitekeelarik. Beraz, garrantzitsuena herri txiki honek eta bere historiak erakusteko dauka arakatzea izango da", azaldu dute Gite-Ipes-ekoek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun