Guztira, hamahiru lagun epaitu zituzten pasa den hilean, 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartzen saiatzean ETAko aginduak jarraitzen zituztela egotzita. Auzipetuen artean, daude, Vicente Gonzalez Mota fiskalak haien aurkako zein beste bederatzi pertsonentzako seina urteko espetxe zigorra eskatu duela, ETAko kidetzat joz. Xabier Isasa eta Jose Antonio Munduate santutxuarren kasuan, berriz, bosna urtekoa da eskaera, ETAri laguntza eman izana leporatzen baitiete. Fernando Antia eta Aitor Liguerzanaren aurkako akusazioak, berriz, bertan behera utzi zituzten epaiketaren azken egunean.
2009ko urtarrilaren 23ko goizaldean, Baltasar Garzon epaileak aginduta, zortzi pertsona atxilotu zituen Espainiako Polizia Nazionalak D3M hautesle elkartearen eta Askatasuna alderdiaren aurkako sarekadan. Hiru egun beranduago Garzonek espetxeratu egin zituen. Handik egun batzuetara, Lidia Barcena eta Urtzi Vidal uribekostarrak ere auziperatu zituen, gero aske uzteko. Ohi bezala, epailearen teoria zen hauteskundeetarako eskaintza ETAren tresna besterik ez zela. Aldiz, pasa den hileko epaiketan egiaztatu ahal izan zen froga bakarra auzipetuen parte hartze politikoa izan zela azpimarratu zuen Jone Goirizelaia defentsako abokatuak.
Kosta ahala kosta, D3Mk 47.337 sinadura batu zituen hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko, baina otsailaren 9an Espainiako Auzitegi Gorenak legez kanpo utzi zuen hautesle elkartea, Askatasunarekin egin bezala. Martxoaren 1ean burutu ziren EAEko hauteskundeak eta 100.924 boto baliogabe zenbatu zituzten, haietako gehienak D3Mko hautes-paperak zirela. Gauzak horrela, PSE-EEk eskuratu zuen Lehendakaritza, PPren sostenguarekin. Martxoaren 24an, operazioko zortzi atxilotuak askatu zituzten. 2012ra arte ez zituzten epaituko.
Auzitegi Nazionalak kaleratutako epaia