Iker Rodrigo: "Ezinezkoa zena... egin dugu!"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko eka. 22a, 13:03

– Badatozela, berri bat jaso dugu, gauez helduko dira, herrikoak ixtera datoz, atera dena, materiala, balio duen guztia eta erabiltzen dituzuen gauza guztiak, dena. – Kafetera ere? – Bai, kafe-makina ere. – Nora daramagu? – Edonora, lonjaren batera, etxe batera, dena kanpora–... Ehunaka herritan, milaka pertsona, mobilizazio klandestino erraldoia, nonbaiten dokumentazio zaharra zaborrontzira bota eta txakurren eskuetan ez erortzeko zaborrontziak su hartu du. Hainbat herritan, herriko tabernen defentsa txandak, gau osoa lo egin barik, herriko taberna barruan, gau ilunean herriko sarreretan brigadak, furgonetak noiz helduko zain... hainbeste lan, hainbeste esfortzurekin eraikitakoa auzolanean defendatzeko prest. Sarekada bat, 11 atxilotu eta miaketak... baina herriko guztiek zabalik jarraitzen dute: – Eta orain zer? – Kafetera, kafe-makina, berriz barrara, nork eraman zuen? Ba buelta dezala, aurrera jarraitu beharra daukagu eta “normaltasuna” nagusitu behar da. – Bueno, gutxienez garbiketa sakona egin dugu herrikoan... baina azken aldia izan dadila kafe-makina ateratzen dugula! Kristoren marroia da, gainera izugarri pisatzen du. Argazkian, ertzain bat Leioako Kurkudi herriko taberna zelatatzen, 2006ko urriaren 25ean bertan egindako miaketan.

Bilboko egoitzan zipaioak daude, bertakoak barruan itxi egin dira eta erresistentzia antolatzen daude. Gero eta jende gehiago hurbiltzen ari da Areatzara, Eusebio eta Arbulu kateatu egin dira balkoian, eta poliziak indarrez eta bortxaz kaleratzen ari dira barrukoak; kolpeak, oihuak; malko eta gorroto begiraden artean heldu dira balkoira eta bertakoak ere kaleratu dituzte.

– Nazio manifestazioa debekatu dute! – Bigarren deialdi bat egin da, denok Bilbora. Gora Euskal Herria! – Hau ere debekatuta dago. – Berdin dio, goazen Bilbora, zer egingo dute? Nazio manifestazio baten kontra oldartu? – Bada, ematen du baietz, inoiz ikusi ez den polizi kopuru handiena bertaratu eta tanketekin oldartu zaizkigu, hau paradoxa, Autonomia kalea jendez lepo eta Autonomia Estatututik jaiotako Polizia herritarrak jipoitzen, historia idazten gaude, erresistentzia aurrera egiteko bitartekoa besterik ez da, izan ere gure helburua aurrera egitea da.

Gauez heldu dira, berriz ere. Zenbat aldiz jada? Oraingoan hogei gazte eraman dituzte, bost egun inkomunikatuta izango dituzte, bost egun infernuan, eta herrietan erantzutera, gogor erantzun gainera, bortxaz eraman dituzte eta bortxaz ere erantzungo dugu. Atxilo daudenek ezingo dute lorik egin eta etxean gelditu direnek ere ez, malkoak isuriko dira Euskal Herriko hainbat etxeetan baina negarrek ere ez gaituzte geldituko.

– Nazio Batzarra dugu, larunbatean izango da, lekua ezin dizut zehaztu. Hitzordua, goizeko 8etan Itzubaltzeta / Romoko errotondan, Lemoizekoak eramango du kotxea, berak badaki non den, badakizu, betiko moduan, telefonoa etxean utzi, mendiko motxila hartu eta zuen artean adostu aitzakia bat, kontrola egotekotan botatzeko. Adi ibili eta zerbait arraroa nabaritzen baduzue buelta eta etxera, edo bestela bi pote hartu eta ondo pasa. – Azken aldi honetan bi kotxe ditut etxeko atean zain, Citroen C3 eta Opel Astra grisa, ahaleginduko naiz joaten. Aurreko egunetik gainetik kendu beharko ditut eta lagun baten etxean lo egingo dut, beste kotxe bat lotua daukat joateko, hala ere ziur ez banago ni ez naiz joango eta bueltan egongo gara elkarrekin, ados? – Zaindu, majo!

– Ezinezkoa da, benetan, ez dago jenderik, nire herrian ideiak eta izenak agortu zaizkigu, ezinezkoa da benetan, jendea ez dago prest... bi zerrenda? Bai zera! Gainera, "garbiak"? Ezinezkoa dela! Zuek zoratuta zaudete! Gainera, ezta ikuskatzaileak izandakoak? Oraingoan bai ez dugula lortuko, saiatuko gara, benetan, baina ez dago eta ez dagoen lekutik ezinezkoa da ateratzea, gainera ez da pasako eta jendea erretzen gabiltza... – Zaila izango da, denok kontziente gara baina zerrendaburua izan behar zara, aproposena zara, eta behar zaitugu. Zurea "b" plana izango da, baina baliteke pasatzen den zerrenda hori izatea eta horrela bada zinegotzi izango zinateke... – Azken eguna da, gaur pasa behar diogu zerrenda egiturako jendeari eta oraindik bosgarrenaren sinadura falta zaigu... – Estu eta azken momentuan bada ere berriro ere lortu dugu, bi zerrenda osatu ditugu ea hurrengoan zer datorren.

– Ohar bat dago zuretzako, betaurrekodunak utzi zizun barran, bueno, uste dut aspaldikoa dela baina ez zarenez pasa, bada ez nekien deitu ala ez deitu, gainera ez zidan esan urgentea zenik eta jada honek taberna bat baino Correos-eko egoitza dirudi... denok egiten duzue berdin, egunen baten sartuko dira hona eta zuen bilera guztiak arrapatuko dituzte.

– Izenak agortu zaizkigu jada! Joder, esaiezu komunikaziokoei handiak direla, a ze gaitasuna, zenbatgarrena da? Kar, kar... hurrengoan nola deituko gara? Nori eman beharko diogu bozka? Gogoratzen dizut komunistekin izan genituen arazoak! Partido Comunista de las Tierras Vascas? Kar, kar... baina tira, azkenean ondo atera zitzaigun! Eta galegoek erakutsitako elkartasuna? NOS-UPko ikuskatzailea ere izandakoa naiz! Bestalde, notaritzakoa ordutegia murrizten dabil, gainera jendea doanean ordu bat zain izaten du, erabaki dugu txandak antolatuko ditugula notaritzan bertan jendeari laguntza eskaintzeko. Kristoren errieta izan dugu notarioarekin baina uste dugu arazoa konponduko dugula. Dena den, bere jarrera oso txarra da eta espero dezagun hurrengorik ez egotea, baina egotekotan agian notaritza horretan hobe da sinadurarik ez jasotzea... kopuruz ere nahiko motel doa, badakizu, jendea azken momentura arte ez da mugitzen, dena den lortuko dugulakoan nago...

– Bilera bukatu aurretik pare bat ohar. Alde batetik esan, hemen hitz egindako guztiarekin hurrengo astean txosten bat helaraziko zaizuela egituraren bitartez, beraz, paper guztiak hemen utzi, geuk batu eta desagerraraziko ditugula eta. Bigarrenik esan, poliziak herria hartua daukala eta beraz, ateratzeko plana moldatu dugula. Guztiok batera azkar baina lasaitasunarekin aterako gara, tropelean. Momentuz kanpoan segurtasun txandan daudenek esan digutenaren arabera kontrolik ez dago herriko irteeretan, baina kalez jantzitako txakur pilo daude. Beraz, ateak zabaldu bezain pronto denak aterako gara, jarraian kotxeetara joan eta bakoitza bere etxera, mesedez ez gelditu herrian poteak hartzen, hobe da herria uztea lehenbailehen kontrola jartzeko astirik izan ez dezaten.

– Manifestaldia debekatu badizuete bigarren deialdi bat egin, beste batek eska dezala baina aldatu dena, lekua, ordua eta lema. Debekua heldu zaiona zipaio-etxera joan dadila eta berak eskatutako baimena bertan behera utz dezatela, ados? Helburua manifestaldia egitea da, beraz zaindu itzazue detaile guztiak. Eta animo!

Jarraitu nezake azken hamar urte gogor hauetan bizitako hainbat pasarte gogorazten, milaka egoera, milaka liskar, milaka eztabaida gogor eta gordin, amaigabeko bilerak, tentsioa, ehunka gau lo egin barik, ehunka amesgaizto eta poztasun, hainbat borroka irabazi eta beste hainbat galdu. Milaka momentu goxo eta milaka momentu gazi... Estatuak martxan jarritako ilegalizazio estrategiak gogor kolpatu gaitu baina gaitasuna izan dugu, kristoren esfortzuarekin, erresistentzia antolatzeko eta amorerik eman gabe aurrera egiteko. Erresistentzia fasea gainditzeko eta eskaintzak egiteko gaitasuna izan dugu gaurko egunera heldu arte. Estatuaren ilegalizazio estrategiaren agorpena azken hamar urte hauetan buru belarri aritu garen guztion garaipena da. Lortu dugu, tresna legal eta eraginkorra eskuratu dugu, eta hori bidea egin dugun guztioi esker izan da, hori horrelakoak edo antzekoak bizi eta sufritu dugun guztiok erakutsi dugun kemenari esker lortu da. Orain erronka berriak zabaltzen zaizkigu aurrez aurre, orain tresna guztiak baliatuz independentzia eta sozialismora eramango gaituen bidean jarraitzeko konpromisoak berriztu eta ausardiaz jokatu beharra dugu. Behin fase bat gaindituta hurrengoari indar gehioz ekingo diogu! Zorionak eta aurrera, bidea elkarrekin egiten jarraituko dugulako, ezina zena egin dugulako eta egun ezina dena lortzera goazelako!

Iker Rodrigo Basterretxea ezker abertzaleko eta D3Mko kide auziperatua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun