Elvin Bishop eskarmentu handiko gitarra-jotzailearen eskutik abiatuko zen atzo, ostegunean, Getxoko XXVI. Nazioarteko Blues Jaialdia. Ohi denez, saio nagusiak Algortako Biotz Alai plazan izango dira eta bertan, Bishopez gain, Joe Louis Walker eta Dr Feelgood ariko dira. Azken talde horrek Dana Fuchs ordezkatuko du, abeslari estatubatuarraren kontzertua senide baten heriotza dela eta bertan behera utzi baita azken orduan. Jaialdiaren egitaraua Algortako The Piper's Irish Pubeko saioez osatzen da. Bertan, 23:00etan, The Románticos eta Mr Groovy & The Blue Heads taldeak jardungo dira ostiralean eta larunbatean, hurrenez hurren. Horrenbestez, gaur, Dr Feelgood talde britainiarrak ordezkatuko du Dana Fuchsen ezusteko baja. Rhythm & Bluesaren nazioarteko eszenan talde ospetsuenetariko bat da. 70eko hamarkadan abiatu zen banda indar handia erakutsita eta laster hasi zen lehiatzen garai horretan nagusi ziren doinu psikodelikoarekin eta hard rockarekin kanta arrakastatsuez baliatuta, esaterako "She's a Wind Up", "Down At The Doctors", "Roxete", "See You Later, Alligator" eta "Milk And Alcohol". Bi hamarkada baino gehiagoko jarduera eten egin zen 1994. urtean, Lee Brilleaux kide-sortzaile eta abeslariaren heriotza dela eta. Urtebete geroago itzuli ziren agertokietara taldekide berriekin eta indarrak berrituta. Argazkian, Dr Feelgood taldea / © Getxoko Kultur Etxea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!