Gaur, ostiralarekin, Balkoitik Balkoira bertso ikuskizunaren 14. edizioa egingo dute Algortako Portu Zaharrean.
Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) antolatuta, oraingo honetan, Amets Arzallus eta Sustrai Colina arituko dira eta, ohi bezala, ekitaldia Etxetxu plazan izango da, 22:00etan. Balkoitik Balkoira bertso modalitate ikusgarrian, parte hartzen duten bi bertsolariek balkoi banatik botatzen dituzte euren bertsoak, 1802an Tolosan hasi zen tradizioa berpizteko asmoz. 1999an San Nikolas plazan lehenengo aldiz ospatu zenetik, publikoaren erantzuna apartekoa izan da, urtez urte. Ohi bezala, bertso modalitate mota hau oso berezia denez, saioa iluntzean hasiko da. Ekitaldiaren erakargarritasuna indartzeko argiztapen berezia jarriko da Algortako Portu Zaharrean. Bertan, ikus-entzuleek bi bertsolarien bertso libreez gozatu ahal izango dute. Argazkian, Amets Arzallus eta Sustrai Colina Erandioko bertso-jiran parte hartu zuteneko irudi bat.