Ostegun honetan, ekainak 28,
Getxo Sea Week jardunaldien inguruko hitzaldia izango da Igeretxe hotelean. Hori aprobetxatuz, Punta Luzero inguruko dragaren kontrako elkarretaratze-prentsaurrekoa egingo du aipatu egunean
Abra Bizirik Getxoko plataformak. Hitzordua 19:00etan jarri dute hotelaren aurrean. Bilboko Portuak Luzuerotik gertuko kanpo-itsasoan, Abra II izeneko hondoan, hondar eta itsas-hondoko materialen 50 milioi metro kuboren erauzketa egiteko proiektua du. "Draga erraldoi horrek korronteetan, olatuen alturetan, hondartzetan, itsas-azpiko izadi eta landaredian zein arrantzan eragin kaltegarriak, berehalakoak, atzeraezinak eta iraunkorrak izango ditu", salatu dutenez. Getxoko zenbait auzokide eta elkarte, horretaz kezkaturik, urte hasieran biltzen hasi ziren Abrako hondar erauzketa erraldoi horrek eragin ditzakeen kalteez informatzeko, eta draga hori gelditu nahian. Horren ondotik, asanbladak, mobilizazioak, sinadura-bilketak... egin dituzte. Argazkian, maiatzaren 13an Arriluzen egindako kontzentrazioa.