Abrako hondar erauzketaren afera ezagutarazi diote Pierre Yves Cousteauri

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko eka. 29a, 13:01

Algortako Igeretxe hotelean Getxo Sea Week jardunaldien inguruko hitzaldia egiten ari direla aprobetxatuz, ostatuaren kanpoaldean elkartu ziren atzo arratsaldean Abra Bizirik Getxoko plataformako hainbat lagun, Punta Luzero inguruko dragaren kontrako protesta egiteko. Bilboko Portuak Luzerotik gertuko kanpo-itsasoan, Abra II izeneko hondoan, hondar eta itsas-hondoko materialen 50 milioi metro kuboren erauzketa egiteko proiektua du. "Draga erraldoi horrek korronteetan, olatuen alturetan, hondartzetan, itsas-azpiko izadi eta landaredian zein arrantzan eragin kaltegarriak, berehalakoak, atzeraezinak eta iraunkorrak izango ditu", salatu zutenez. Aipatu afera lehen eskutik azaldu ahal izan zioten jardunaldietan parte hartzen ari den Pierre Yves Cousteauri, Jackes Cousteau zenaren semeari, Getxo Sea Week-en antolatzaileei esker. Argazkian, Pierre Yves Cousteau, ezkerrean, azalpenei adi.

Getxoko zenbait auzokide eta elkarte, horretaz kezkaturik, urte hasieran biltzen hasi ziren Abrako hondar erauzketa erraldoi horrek eragin ditzakeen kalteez informatzeko, eta draga hori gelditu nahian. Horren ondotik, asanbladak, mobilizazioak, sinadura-bilketak... egin dituzte. Argazkian, maiatzaren 13an Arriluzen egindako kontzentrazioa.

Abra Bizirik Getxoko plataformak zabaldutako prentsa oharra:

Seaweek? Punta Luzeroko harea erauzteari ez!

Itsas hondoen ezagutza eta babesa gai nagusia duen itsas astearen erdian gaude. Getxoko Udalak antolaturik, era guztietako jarduerak biltzen dituen programazio zabalean, gure kostaldeak une honetan duen mehatxurik handienari buruzko aipamenik ere ez dago: Itsas hondoak harrobi gisa erabiltzea.

Bilboko Portu Agintaritzak Punta Luzerotik gertuko kanpo itsasoan hondar eta itsas-hondoko materialen 50 milioi metro kubikoren erauzketa egiteko proiektua erantzun zabala izaten ari da. Inguru gaineko eragineko azterlanari aurkezturiko galdapen anitzez gain, Ezkerraldeko eta Uribe Kostako hainbat jendarte taldek itsas hondoa harrobi gisa erabiltzearen aurkako kontzientzia zabaltzen ari gara.

Berriki jakin dugularik Bilboko Portu Agintaritzak harea erauste proiektuaren karakterizazio gehigarriaren kanpainari ekin diola, hau da, harea eraustea burutu nahi duen gunean aurretik eginiko 68 kata eta material hauen azterketari, 400.000 euroko aurrekontuarekin beste 113 lagin hartzeko eta aztertzeko kanpainari ekin diola, ondokoa adierazi nahi dugu:

1. Harea eraustea burutu nahi den gunean beste 113 lagin hartzean datzan karakterizazio gehigarriaren kanpaina honen helburu nagusia aurkezturiko galdapenen aurrean harea erauste proiektua babestea da, aurrez eginiko 68 laginak gutxi izateaz gain, oso azalekoak zirela nabarmendu baita Inguru Gaineko Eragineko Azterlanari aurkeztu zaizkion galdapenetan eta zehazki Harea-Geología litoral Ikerketa Taldeko EHU-ko Alejandro Cearreta doktoreak eginikoetan.

2. Bilboko Portuak karakterizazio gehigarriaren kanpainari ekin izateak eta galdapenak aurkezteko epea itxi zenetik 6 hilabete baino gehiago igaro ondoren eskuduna den Ingurugiro Ministerioak Inguru Gaineko Eragineko Adierazpena oraindik zabaldu ez izanak, harea erauste proiektuak sortzen dituen zalantzak agerian uzten ditu.

3. Edozein dela ere karakterizazio gehigarriaren kanpaina honen emaitza, itsaso zabalean itsas hondoko harea eta materialak eraustea eta eraikuntzarako erabiltzea, XX. mendeko mentalitate desarrollistaren araberako proiektua izateaz gain, indarrean dagoen legeriak propio debekatzen duen jarduera da.

Honengatik guztiagatik, Abra Bizirik Getxoko Plataformak diru publiko gehiago ez xahutzeko eta Punta Luzero inguruan 50 milioi m3 harea erauste proiektua bertan behera uzteko eskatzen diogu Bilboko Portu Agintaritzari.

Seaweek hau antolatu duen Getxoko Udalari harea erauztearen mehatxua seriotan hartzeko eta beste alde batera begiratzeari uzteko exijitzen diogu. Ekimen honetan parte hartzen diren zientzialari, aditu eta Pierre Yves Cousteau moduko pertsonalitateei, salatzen ari garen harea erauzte proiektua arretaz aztertzeko eta horren aurrean jarrera aktiboa hartzeko eskatzen diegu.
Azkenik Abra inguruko biztanleriari eta Bizkaiko jendarteari oro har, burutu nahi den basakeriaren aurrean kontzientzia hartu eta draga proiektua behin betiko geldiarazteko mobiliza dadin dei egiten diogu.

Atzoko elkarretaratzearen argazkiak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun