Poliziak gaur goizean atxilotu egin du Josu Rodriguez "Nekora" gazte algortarra, ezker abertzaleko iturriek UKBERRI.NETi jakinarazi diotenez. Baliteke dagoeneko Madrilera eraman izana. Hain zuzen ere, horren arriskuaz ohartarazi zuen Herrira bilguneak atzoko azken ostiraleko elkarretaratzean. Espainiako Auzitegi Gorenak ekainaren 15ean lau urtetik hirura murriztu zion zigorra Rodriguezi, haietatik bi hilabete eta bost egun bete zituen 2007an. Kale borroka taldea osatu eta Larrañazubin hainbat zulo egin eta erregaiak gordetzea egotzi zizkion Auzitegi Nazionalak, inkomunikazio egoeran sinarazitako deklarazioetan oinarrituz. Hain zuzen ere, atxiloketa berri honi erantzuteko, astelehenenean, uztailak 2, manifestazioa egingo dute Algortan: "Josu askatu! Errepresiorik ez!" lelopean, 20:00etan abiatuko dira Telletxe plazatik.