Adierazpen askatasuna aldarrikatu dute Sopelako jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko uzt. 2a, 17:53

"Eskubide zibil eta politikoen alde. Adierazpen askatasuna" lelopean, 400 lagun inguru elkartu ziren atzo, igandea, Sopelako Auzokideen Plataformak deituta. Modu horretan, San Pedro jaietan egon den " eraso judizial-politikoa" salatu nahi izan dute. Izan ere, Bilboko Administrazioarekiko 3 zenbakiko epaitegiak kautelazko "behin-behineko" neurri batean festetan amnistiaren aldeko ekitaldi bat bertan behera uztea erabaki zuen. Tokiko herri bilguneak deituta, larunbat gauerdian egin behar zuten kalejira; "Txosnetatik abiatuta,amnistiaren aldeko kalejira. Sopelako Herri Bilguneak deituta" lelopean jai-liburuxkan irakur zitekeen bezala. Epaitegiaren erabakia jakinarazi ostean, Sopelako Udalak bizilagunei jakinarazi zien ekitaldia deitu zutenek bertan behera utzi zutela, epai judiziala obeditzen, eta, ondorioz, ekitaldia ez zela egingo gaineratu zuten. Argazkia: © Sopelako Ezker Abertzalea.

Atzoko elkarretaratzean irakurritako adierazpena:

Aurreko ostiralean epaitegiaren jakinerazpen bat heldu zen Sopelako udaletxera, non debekatzen baitzen zapatu gauerako iragarrita zegoen euskal presoen aldeko kalejira.

Debekuaren jatorrian, epaitegiak idatziz hala adierazita, Sopelako PNVk, PSEk eta PPk mobilizazioaren kontra onarturiko mozio baten inguruko informazio periodistikoak zeuden.

Aipatu informazioetan alderdion adostasuna azaltzen zen bai mobilizazioa errefusatzeko orduan bai erantzukizuna alkatearengana zuzentzeko orduan.

Epaitegiaren debekuan agertzen ziren ustezko delituen ostean egon litekeen mehatxuaren tamainaz jabeturik (terrorismoaren goratzea, alkatearen kriminalizazioa…) kalejiraren deitzaileek bertan behera uztea erabaki zuten.

Honen guztiaren aurrean, hemen bildutakook, Sopelako auzokideok, gure iritzia helarazi nahi diegu epaitegi espanolei, Sopelako PNVko buruzagiei eta PSE eta PPri:

1) Euskal presoen egoerari irtenbidea ematea, Euskal Herriratzetik hasita, gure herriaren gehiengoak behin eta berriz eskatu duen erreibindikazioa da. Eusko Legebiltzarrean ezezik, Sopelako udalean ere onarturikoa, orain batzuei ahaztu zaizuen arren. Euskal presoek jasaten duten egoera larriarekiko kontzientzia eta salaketa gero eta nabarmenagoa da Euskal Herrian, eta horrek zalantzan jartzen du euskal gatazkaren inguruan sustraitu nahi duzuen kontakizuna.

2) Presoekiko elkartasunaren kontra egiten duzue, errealitatea ezkutatu nahi duzue eta mezulariaren kontra egiten duzue interes alderdikoi ilunengatik. oso larria da egin duzuena.

a. Adierazpen eta manifestazio eskubideen kontrako eraso bateratua jarri duzue martxan eta presoen aldeko mobilizazioa boikoteatu duzue.
b. Gainera azken urteotako herriko jai arrakastatsuenak, jendetsuenak eta parte hartzaileenak zapuztu eta leherrarazten saiatu zarete.
c. Hori guztia gutxi balitz, herriko alkatea epaitegien jo puntuan jarri nahi izan duzue, berarengana ez zegozkion erantzukizunak egotzita.

3) Sopelako auzokide bezala, oso arduratuta gaude zuen jarrerarekin. Behin eta berriz ari zarete lehenesten zuen alderdi interesak Sopelako interesen gainetik. Denak balio du zuen arerio politikoari (Bildu-Sortu-EHBildu) egurra emateko, sopeloztarron kalterako bada ere. Saiatu zineten udala blokeatzen, herritarren asanbladak desprestigiatzen eta orain jaiak izorratzen. Eta badirudi pozarren jasoko zenutela alkatearen atxiloketa edo inhabilitazioa, herriaren nahiari bide emateagatik balitz ere.

4) Beste hainbat tokitan gauza bera egiten ari zaretela ere badakigu: jakin izan dugu zuen jarreraz presoei buruzko filmaren kontra Donostian edo beste gai batzuetan Gipuzkoan. Sopelan ere berriki berriz bildu zineten kritikatzeko udal gobernua Otegi eta beste lagunen kontrako epaiaren kontra agertu izana. Euskal militanteen atxiloketak txalotzeko ere bat egiten duzue. Bake prozesua finkatzeko Estatuaren biolentzia indargabetzea funtsezkoa denean, zuok kontrako bidetik zoazte, eskutik helduta. Zergatik? Zergatik tematzen zarete iraganeko egoerei lotzen?

5) Bereziki arduragabea iruditzen zaigu Sopelako PNVren buruzagien jarrera. Egoera berria sustatu beharrean, PP eta PSEren planteamendu atzerakoienekin bat egiten dute behin eta berriz. Amorrua eta herra darie, gainera, euren ekimen guztiei. Dei egiten diegu euren jarrera oldarkorra indargabetu dezaten eta egoera berriari euren ekarpena modu eraikikorrean egin diezaioten.

Azkenik, zera gogoratu nahi dizuegu: ez zenuten lortu sopeloztarren aldaketarako gogoa galeraztea, ez zenuten lortu sopeloztarron parte hartzeko gogoa zapuztea eta ez duzue lortu herriko jaiak izorratzea.

Presoen aldeko aldarria ere ez duzue oztopatuko, eta jakinarazten dizuegu hurrengo egunetan presoen eskubideen aldeko manifestazio jendetsua egiteko lanetan murgilduko garela.

Eskerrik asko sopeloztarrok! Aurrera herria! Gora Sopela!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun