Ertzaintzak 31 urteko gizonezko bat atxilotu zuen igande goizaldean, Aiboako metro geltokian, emakume bati poltsa lapurtzen saiatu eta segurtasun zaindari bati erasotzea egotzita. Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailaren arabera, goizaldeko ordu biak aldera, lapurreta saiakeraz ohartuta, zaindariak ustezko gaizkilea atxiki eta orduan kolpatu egin zuen, zauri arinak eraginez. Beste bi jagolek lagunduta geldiarazi zuen gizona, Ertzaintza heldu arte, polizia iturrien arabera. Ordu berean, Sopelako metro geltokian, 16 urteko mutila atxilotu zuen Ertzaintzak, ustez beste bidaiarietako bat eta segurtasun zaindari bat jotzeagatik. Herrizaingo Sailaren arabera, ustezko erasotzaileak zigarroa eskatu zion beste mutilari eta, ez zeukala esan zionez, eraso egin zion. Gerturatu zen zaindariari, berriz, ukabilak eta burua erabilita kolpatu ei zuen; eta koska egiten ere ahalegindu omen zen. Bilurrak jarrita utzi zuten Ertzaintza heldu arte. Argazkian, metroko artxiboko irudi bat.