Larry Carltonen eskutik abiatuko da bihar Getxoko Jazzaldia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko uzt. 3a, 20:25

Bihar, uztailak 4, abiatuko dira jazz doinuak Algortan Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren eskutik: artista handiz eta talde gaztez beteriko programaz gozatu ahal izango dute musikazaleek. Lehenengo egunean Larry Carlton (Biotz Alai plazan, 22:00etan) gitarra-jotzailea izango da protagonista nagusia. Horrezaz gain, Miroslav Hloucal ariko da Talde Lehiaketan (Biotz Alai plazan, 21:00etan) eta KB Connection "Hirugarren Milurtekoa" sailean (Algortako Telletxe plazan, 19:00etan). Larry Carlton eskarmentu handiko musikaria ariko da. Carlton jazz eszenako gitarra-jotzaile handienetariko bat da eta estudio musikari jarduera zabala du, lau Grammy sari irabazi dituela. Guztira, 335 grabaketatan parte hartu du eta Urrezko edo Platinozko 100 disko baino gehiago lortu ditu. Argazkian, Larry Carlton / © Getxoko Kultur Etxea.

Musikan abiatu zenetik artista eta talde ospetsuekin aritu da elkarlanean estudioan nahiz zuzenean, esaterako Steely Dan, Joni Mitchell, Michael Jackson, Sammy Davis Jr., Herb Alpert, Quincy Jones, Dolly Parton, Linda Ronstadt, jazzaren izen handiak ahaztu gabe. The Crusaders eta Forplay taldeetako kidea izan zen eta zinerako eta telebistarako musika egin du. Mende berriaren hasieran, Carltonek beti bezain aktibo jarraitzen du, estudioan zein zuzenean, bere proiektuetan nahiz beste artista batzuekin (Steve Luhather, Robben Ford edo Steely Dan, adibidez).

Miroslav Hloucal Quintet 2001. urtean abiatu zen. Taldekideak Txekiar Errepublikako Pragako Jaroslav Jezek kontserbatorioko Jazz Departamentuko Vos Jazz ikasleak edo graduatuak dira. Proiektuaren burua, Miroslav Hlouvcal, Txekiar Errepublikako jazz-eszenatokiko kide garrantzitsuetako bat da, 2007tik. Izan ere, 15 disko baino gehiago grabatzen lagundu du, eta Getxoko Jazzaldiaren talde lehiaketa irabazi zuen, 2009an, Points musika-taldearekin.

KB Connection Madrilen bizi diren jatorri ezberdineko lau gaztek osatutako banda da. Haien musika jazz garaikidean koka dezakegu, eta konposizio originalez bakarrik osatutako errepertorioa dute. INJUVE 2009 zirkuitua irabazi zuten, eta Lugoko, Eivissako, Palmako, Gandiako eta Madrilgo jazzaldietan parte hartu du.

Jam Session-ak

Hamalaugarren urtez jarraian jam sessions delakoak egingo dira, Algortako The Piper's Irish Puben, Biotz Alai plazako kontzertuak bukatutakoan. Gauerdira aldera, publikoak jazz onenaz gozatzen jarraitu ahal izango du, giro apartan eta lasaian. Lau gauetan zehar, jazz zaleek saio bikainez gozatzeko aukera izango dute. Horietan Jon Urrutia Band ariko da, eta, horri, egunero artista berriak gehituko zaizkio, batzuk, jaialdiko parte-hartzaileak. Azkenik, Algortako Satistegi kafean Iñaki Ojinaga artistaren lan grafikoen erakusketa egongo da ikusgai.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun