Imanol Landa Getxoko alkateak adierazi duenez, Getxo Antzokia eta Musika Eskola berriak eraikitzeko lanak “aurreikuspenak beteta doaz aurrera, proiektuaren azken txanpan egoteraino. Hartara, urrats irmoak eginez jarraitzen dugu, uste osoa baitugu kultur ekipamenduak ezezik gizarte, kirol eta ekonomikoak ere modernizatzen eta hobetzen ari garela, Getxo orain eta gerora behar dituenak”. Eta hori, gehitu du Landak, “gure Udalarenak bezalako zorrik gabeko diru-kontuek ematen duten konfiantzatik abiatuta”.
"Proiektua egiteak eman ditu dagoeneko bere emaitza eta hobekuntza argiak", alkatearen esanetan, berbarako, "Andres Cortina kalearen urbanizazioa, zerbitzu publikoko eta saneamendu sareko hainbat instalazio kale azpian kokatu eta hobetzeaz gainera, irisgarritasun baldintzak hobetzen direlako eta hiri esparru zabalago eta integratuago bat utziko duelako, konexio hobeagoarekin. Berandu baino lehen, gainera, San Nikolaseko aparkalekua zabalduko da”.
Lanak fasetan egiteko zatikatze berri horrek Getxoko Udalaren Idazkari nagusiaren txosten juridikoaren zein lanen garapen beraren bermea ei dauka. Idazkari nagusiak proiektuaren aurrekontuaren kontrol hobeagoa egitea helburu duen prozedura horren gaineko legezkotasunaren gaineko txostena eman zuen 2010ean. Halaber, udal Hirigintza eta Kontu-hartzailetzako teknikariek egindako txostenen bermea omen du. Era berean, esleipen berria egin ahal izan da Udalbatzak Getxo Antzokia eta Musika Eskola berriko egituraren inguruko oinarrizko proiektua adostu zuelako apirilean, horretara 32,1 milioi euro zuzenduz.
Faseka zatitzeak “denbora irabazi, proiektua bera hobetu eta gastua kontrolatzea ahalbidetzen die teknikariei”. Zentzu horretan, Landak aipatu duenez, "orain arte proiektuaren barruan egindako faseen esleipenek eskaintza bakoitzari egokitutako aurrekontuaren azpitik egin dira, hasiera batean zehaztutako lizitazioen aldean batez besteko %20 aurreztuz".
4 A fasean, urtea amaitu aurretik hasiko da, Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, estalkiak eraikitzeko (Getxo Antzokiko eta Musika Eskolako goi aldeko elementu horizontal guztiak egokituko dira baita plaza berriko lur azpiko estalkia), instalazioak ipintzeko (airea girotzeko, argindar, telekomunikazio, saneamendu, iturgintza, eta suteen aurkako babesgailu sare eta azpiegiturak, besteak beste) eta zatitzeak egiteko (barrualdeetako banaketa eta trenkada-multzoak) azpifasearekin elkartuko dira fatxadak eta instalazio berriak atontzeko eta akabera lanak. Horiek amaitutakoan ekingo zaio azken faseari, inguruko guneak urbanizatzeko.
Egitura altuera gorenera iritsi da
Arregik azaldu duenez, bestalde, Getxo Antzokiaren etorkizuneko eraikineko solairuen egitura metalikoa bere altuera gorenera iritsi dela jadanik, eraikinaren %70ean. Hain zuzen ere, punturik altuena Basagoiti Etorbidetik ateratzen den Telefonicaren eraikinaren ondoko horma bitartekoan altxatzen da. "Eraikinerako hasieran aurreikusitako kota baino txikiagoa da, bolumetria murrizteko burututako proiektuaren berridazketak altuera bi metrotan jaitsi zuelako, Getxoko auzokideek egindako iradokizunak kontuan hartuta", aipatu duenez.
Eraikin berriko fatxada-lerrokatzeak osatzen dituen egitura metalikoa ipintzeko lanak amaituta, forjaketaren azken lanak egin dituzte ere, azaleko mailaraino.
Egitura eraikitzeko lanak aurrera egin izanak, Musika Eskolako azaleko solairuek edukiko dituzten gune desberdinen banaketa, formak eta edukierak ikusi ahal izatea ahalbidetzen du. Instalakuntza horiek, ataripekoaren gainean altxatzen direnak, ikasgelak eta administrazioko bulegoak hartuko dituzte. San Nikolas elizako bista ederrak eta Abrara begira dagoen bolumenaren zati bat erakusten dituzte jada, erabilpen balio nabarmena ematen diotela. Lehenengo solairuan, plazari begira, entseguen aretoak beirazko aurrealde gardena izango du eta horri esker, egokitzat jotzen denean, musika entseguak kanpotik entzun ahal izango dira. Beheko solairuaren huste partzialak ataripe bat atontzea ahalbidetzen du eta hortik solairura bertara, auditorio nagusira eta erdisotora sartuko da. Fase hori guztia urriaren hondarrean amaituta egotea aurreikusten da.