Leioako Udalak eta
Euskaltzaindiak "Leioako leku-izenak" liburua aurkeztuko dute asteazken honetan, uztailaren 4an, Bilbon, Akademiaren egoitzan. Liburuan, azken hiru urteetan egin den Leioako toponimia ikerketa-lanaren emaitzak batu eta herritarren esku ipini dira. Iratxe Lasa, Goizalde Ugarte eta Mikel Gorrotxategi ikertzaileek burutu dute lana. Euskaltzaindiak argitaratzen duen "Izenak" bildumaren 2. liburukia da eta Leioako Udalaren eta Akademiaren arteko lankidetzaz kaleratu da, Euskaltzaindiak jakinarazi duenez. "Leioako leku-izenak" lanean herriko 800 bat lekuren izenak jaso dira, gaur egun bizirik direnak ez ezik, desagertutakoak ere bildu direlarik. Artxibo zaharrak arakatzeaz gain, ahozko informazio iturriak erabili dituzte ikertzaileek. Hala, ikerketa honetan leioaztar batzuek modu aktiboan hartu dute parte. Aurkezpena goizeko 11etan izango da Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Argazkian, Mikel Gorrotxategi lanaren egileetako bat.