Ostegun honetan, uztailak 5, Txipio auzoan lehenengo herri asanblada irekia (20:00etan, Ibaigane jubilatuen etxe ohian) egingo du
Plentziako Bilduk. "Ekimen honekin auzoko errealitate ezberdinak ezagutu nahi ditugu, baita auzokideek Udalari helarazi nahi dizkioten kexak, ekarpenak, iradokizunak, iritziak… ere", azaldu dute ezkertiarrek. Bilera horretarako auzoari buruzko aldizkari informatiboa prestatu dute. Horrekin batera, inkestatxo bat ere diseinatu dute. Bestalde, orain gutxi Zubi Zuri pasabidearen arriskuaz ohartarazi du Plentziako Bilduk. Azaldu dutenez, "eguraldi onarekin ohikoak dira jendeak Zubi Zuri pasabidearen parean hartzen dituen bainuak. Hori dela eta, arrazoi ezberdinengatik arriskuak sortzen dira. Edozein istripu edo arazo ekiditeko asmoz, hartu beharreko segurtasun neurriak ahalik eta lasterren abian jar daitezela eskatzen diogu Jose Mª Acebedori, Itsasadar, Portu eta Hondartza eta Turismo zinegotzia dena". Argazkian, gazteak Zubi Zuri pasabidetik salto egiten / cc-by Plentziako Bildu.