Algortako Gazte Mugimendua: "Piztia piztera goaz!"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko uzt. 6a, 03:47

Algortako gazteriari helarazi nahi diogu gazte mugimendua antolatzeko tresna berria sortu dela. Gazteriaren sakabanaketa eta ahuldura handituz zihoala ikusita, duela bi urte abian jarri zen proiektu hau, jakin-min eta zaletasun berdinak zituzten gazteak batzeko asmoz. Lehenengo momentu batean, Marasmak garrantzi handia eman zion gazteriaren egoerari buruzko diagnostiko sakona egiteari, eta Martxoak 3an diagnostiko horren emaitzak era publikoan plazaratu zituen. Ekimen horretatik arlo ezberdinak jorratzen dituzten hainbat lantalde sortu ziren (musika, aisia eta kultura, kirola), eta horrez gain, lantalde horiekin elkarlanean jardungo zuen talde motor bat, Algortako Gazte Mugimendua deituriko proiektu berri hau sortu duenak. Argazkian, asteazkenean eman zuten prentsaurrekoa Algortako gazteek.

Gu Algortako adin desberdinetako gazteak gara, pentsamolde eta zaletasun ezberdinak ditugunak baina helburu komun batekin: gazte mugimendua berpiztea eta mantentzea. Argi ikusten dugu gazte mugimendu iraultzailearen beharra, sistema neoliberalaren kontra eraldaketa eta alternatiba bat sortzeko.

Horretarako, gazte mugimenduaren antolakuntza sendoa beharrezkoa dela aldarrikatzen dugu, gure proiektuaren bitartez bideratzen saiatuko duguna.

Tresna berri hau guztiz zabala izango da eta gazteria osoa biltzen saiatuko da, norbanakoen zein taldeen ideiak edota proiektu berriak aurrera eramateko espazio bezala. Hortaz aparte, gazteria etengabe formatzeko eta kaletartasuna pizteko ardurak ere izango ditu.

Beraz, talde motorrak bere lana bukatutzat ematen du. Orain gazteriari heldu zaio momentua proiektu berri hau indartzeko eta aurrera eramateko, beharrezkoa baita gazte mugimendu iraultzailea bizirik jarraitzea.

Ez dugu prentsaurreko hau amaitutzat eman nahi herriko azken gazte bahituta gogora ekarri gabe. “Nekora” eraman duzue, baina ez duzue piztia lokartuko. Beragatik, guregatik, piztuko dugu piztia!

Gora Gazte Mugimendua!

Algortako Gazte Mugimendua
algortakogaztemugimendua.wordpress.com

Algortako Gazte Mugimenduaren prentsaurrekoaren bideoa

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun