Richard Bonak (1967, Minta; Kamerun), bakarkako debuta egin zuenetik, 1999an, musika unibertsala denaren ideia defendatu du: eskuzabala eta eskuragarria. 1995. urtean New Yorkera abiatu zen eta laster nabarmendu zen agertokietan. Garai horretan Pat Metheny, Larry Coryell, Mike Stern, Steve Gadd, Joe Zawinul eta beste hainbat artista handiekin hasi zen elkarlanean jarduten. Egun, garaiko baxu-jotzaile onenetako bat omen da, eta abeslari eta musikagile gisa ere aritzen da. Haren ospea Jazz musika eta World Music baino harago joan da, eta genero eta estilo anitzeko artistekin jo du, esaterako Bobby McFerrinekin, Paul Simonekin, Chick Corearekin, Chakha Khanekin, Salif Keitarekin eta George Bensonekin.
Gainerako saioak
Talde Lehiaketan Swec & Wend Quintet banda poloniarra ariko da, Piotr Swec eta Tomasz Wendt saxo-jotzaileek sortutako taldea, hain zuzen ere. Biek sari ugari irabazi dituzte bere herrian eta boskotean haiek eginiko piezak interpretatzen dituzte, gehienak mainstream jazz modernoko estiloaren barruan, baita beste estilo batzuk baztertu gabe.
"Hirugarren Milurtekoa" atalean beste talde poloniar bat ariko da, High Definition. Anbizio handiko musikari gaztek osatutako laukotea estilo eta genero anitzak jorratzen ditu eta Krokuseko (Polonia) eta Hoeilaarteko (Belgika) jaialdietako talde lehiaketetan atera da garaile.
Bihar, azken aldiz gozatu ahal izango dute zaleek jam session delako saioaz. Ohi bezala, Algortako The Piper's Irish Puben, Biotz Alai plazako kontzertuak bukatutakoan hasiko da kontzertua, Jon Urrutia Bandaren eskutik. Azkenik, Satistegi Kafean, Iñaki Ojinagaren lan grafikoak egongo dira ikusgai, uztailaren 8ra arte.