“Gidabaimena euskaraz” kanpainarekin bat egin duen autoeskola batean prestaketa egin ondoren, azterketa teorikoa euskaraz egin duten 17 eta 23 urte bitarteko gazte getxotarrei 100 euroko diru-laguntza emango die Getxoko Udalak. Besteak beste, Alkarbide, Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneren eta Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatutako kanpainaren helburua hizkuntzaren erabilera sustatzea da, tokiko iturriek aipatu dutenez. Diru-laguntza azterketa 2012ko urtarrilaren 1etik egin dutenei emango die Udalak. Momentuz azterketa teorikoa baino ezin da euskaraz egin, udal iturriek zehaztu dutenez: Baina aipatutako hainbat euskara zerbitzu lanean ari dira hemendik gutxira Bizkaian azterketa praktikoa ere euskaraz egin ahal izateko, ziurtatu dutenez. Besteak beste, aztertzaileen formazioa, hizkera bateratua eta gainontzeko heziketa betetzen denean, azterketa praktikoa euskaraz egitea ere sustatuko da. Gazteek diru-laguntza eskatu aurretik matrikula ordaindu beharko dute eta eskatzeko azterketa eginda eduki beharko dute. Laguntza behin soilik jaso ahal izango dute. Argazkian, gidabaimena euskaraz ateratzeko eskuliburu bat.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!