Alvaro Gonzalez Abra Getxo-Kirol Portuaren Administrazio-Kontseiluan udal Gobernu Taldeak duen ordezkariak adierazi duenez, zerbitzua emateko atrakaleku berriak “Itsasadarrean lanean dabiltzan enpresa turistikoen eskaerari erantzuten dio, eta horregatik eskaera hori bete zezakeen azpiegitura indartzeko eta modernizatzeko beharra ikusten genuen. Atrakaleku horrekin bidaiari kopuru handi baten ontziratze eta lehorreratzea egiteko gaitasuna duen eremua egokituko dugu”. Horren harira, Gonzalezek azpimarratu duenez, “Getxo helmuga erabat erakargarria da txango turistikoentzat eta Bibo-Getxo lotura guztiz interesgarria da, eta horregatik egin dugu azpiegitura horren aldeko apustua”.
40 metroko luzera
Atrakaleku osagarria, “azpiegitura samurra eta oso praktikoa”, hormigoi hutsarekin eginikoa izango da, ur gainean egon dadin, 40 metroko luzera eta 4 metroko zabalera edukiko ditu eta bertan 20 metroko luzera duten eta bidaiariak eramateko diren ontziek atrakatu ahal izango dute. "Bidaiarien ontziratzea eta lehorreratzea segurtasun handiagoarekin egitea bermatuko du, orain arte ipinitakoak mugatuak baitira, jasan dezaketen zamari dagokionez. Kaiarekin lotuko dute Kirol Portuan dauden gainontzeko plataformen oso antzekoa den pasabide lerrakor batez", Gonzalezek dioenez. Atrakalekura ainguratuta ur gaineko oholtza txiki bat egongo da, 5 x 2,5 metroko neurrikoa, atrakalekura bertara iristeko egongo den arrapalari zerbitzu egiteko. Pasabidera eta atrakalekura gidaridun atea izango duen plataforma bidez sartu beharko da, sarbidea mugatua izango den arren.