"2011ko urrian irismen sakoneko bi gertakari" izan ostean —Aieteko Adierazpena eta ETAren erabakia—, "hilabeteotako gertakizun nagusien eta prozesuaren egungo egoeraren inguruan" bere iritzia jakinarazteko agiri bat zabaldu du gaur ETA. Naiz.info-ra eta Gara-ra helarazi du eta, besteak beste, Berria.info agerkariak eman du horren berri. Erakundeak dio "elkarrizketa bideak zabaltzeko ahaleginak biderkatzen" ari dela. "Gatazka politikoa" gainditzeko, elkarrizketa eta akordioa aldarrikatu ditu. ETAk adierazi du hilabete hauetan "konponbide prozesua bultzatzeko eta egituratzeko jardunari jarraipena" eman diola, eta urriaren 20an hartutako erabakiari eusteaz gain —jarduera armatua betiko bukatu duela iragarri zuen—, aipatutako elkarrizketa bideak irekitzeko asmoz "nazioarteko eragileekin harremanak sendotzen eta prozesuak eskatzen dituen barne egokipenak gauzatzen" ari dela; "elkarrizketetarako ETAren Ordezkaritza osatuz, besteak beste".