Larunbatean, uztailak 7, Mike Sternek gitarra-jotzaile estatubatuarrak eta Richard Bona baxu-jotzaile kamerundarrak osaturiko proiektuaren saioak sarrerak agortu zituen. Biotz Alai plaza gainezka zegoela, jazza doinu anitzekin nahastu zuten musikariek, esaterako rockarekin eta erritmo etnikoekin. Azkenik, Eliane Elias piano-jotzaile eta abeslari brasildarraren interpretazioa ezin hobea izan zen eta Marc Johnson kontrabaxu-jotzailearen lan bikainak saioa borobildu zuen.
Aurten ere, talde gazteek garrantzi handiko lekua izan dute Getxon. Talde Lehiaketa horren erakusle izan da. Aurtengo ekitaldian, Txekiar Errepublikako, Austriako, Alemaniako eta Poloniako taldeak iritsi dira finalera. Maila handia erakutsi ondoren, Tobias Meinhart Quintet boskote alemaniarra nagusitu zen lehiaketan eta Piotr Pawlak Jazztet talde austriarrak bigarren saria eskuratu zuen. Irabazle atera zen taldearen saxo-jotzaile eta liderrak, Tobias Meinhartek, bakarlaririk onenari ematen zaion saria ere irabazi zuen.
"Hirugarren Milurtekoa" sailean ere eskaintza anitza izan da. Lau egunetan zehar, Algortako Geltokia plazak beste horrenbeste kontzertu hartu ditu. Horietan KB Connection, Carlos Velasco Trío, Coda, High Definition eta Juan de Diego Trakas talde gazteek bere trebezia erakutsi zuten arratsaldeko saioetan.
Bestelako jarduerak
Ohi bezala, kontzertu nagusiak amaitu eta gero, jam session saioak izan dira Algortako The Piper's Irish Puben. Bertan, Jon Urrutia Band jardun da lau egunez, jazzaldian parte hartu duten hainbat musikarik lagunduta, musika inprobisatua eskaintzen. Azkenik, Satistegi kafean Iñaki Ojinagaren erakusketa egon da. Bertan, artista horren lan grafikoa ikusteko aukera izan dute bisitariek.
Getxoko Jazzaldiko hainbat irudi (© Getxoko Kultur Etxea)