Alkarbide Bizkaiko Euskara Zerbitzuen Bilguneak "Eman giltza ama-aita!" goiburuko kanpaina jarri du martxan, euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzeak duen garrantzia nabarmentzeko helburuarekin. Kanpaina lurraldeko ia 11.000 familiak jasoko dute eta, Alkarbidek Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin koordinatuta, iaz martxan hasi zen. Egitasmoa 36 udalerri eta bi mankomunitatetara zabalduko da aurten, Uribe Kosta eta Erandioko udalak daudela. Ume jaioberriak eta 1 eta 6 urte bitarteko umeak dituzten gurasoek haurraren ingurune hurbilean euskara sustatzeko aholkuak batzen dituen diptikoa jasoko dute familiek etxeetan, eta euren kezka eta beldurrak uxatzeko prestatu den webgunearen berri ere izango dute. Horrez gain, adur-zapia, askari-poltsa eta "Ku-Ku" liburuxka eta CDa ere banatuko zaizkie. Liburuxka horretan abestiak, euskarazko oinarrizko hitzak eta esamoldeak daude jasota.