Eta hain zuzen ere, adierazpen-askatasuna izan da urratu dena. Herriko beste hainbat eragilek bezala, Sopelako Herri Bilguneak bere ekarpena egin nahi izan die jaiei: euskal presoen egoera salatzeko kalejira, hain zuzen ere. Sopelako eragile batek proposatuta, Euskal Herritarren gehiengoaren babesa duen aldarrikapen bat (maila instituzionalean, Eusko Legebiltzarrean, zein Sopelako Udalean politikoki onartutako aldarrikapena) jaien programan txertatu nahi izan dugu. Baina azkenean, ekimen hori politikoki oztopatu eta judizialki debekatu egin dute, gure ustez, adierazpen askatasuna modu larrian erasoz.
Jaiak, gozamenerako eta dibertitzeko aitzakia ez ezik, herritarron adierazpen kulturalak eta sozialak aldarrikatzeko une garrantzitsuenetarikoak ere badira: herritarron borondatearen bozgorailu eta adierazpen askatasunerako tresna. Horrela ulertzen ditugu jaiak eta jai eredu horren alde lanean jarraituko dugu, datozen urteetan ahalik eta eragile gehien erakarriz sortu berri dugun Jai-Batzorde honetara: geroz eta ideia eta kolore desberdin gehien bilduz gure jaien inguruan.
Oztopo guztien gainetik eta adierazpen askatasunaren alde, gora Sopelako eta Larrabasterrako Jaiak!
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.