“Haurtzaroari gorazarre” egitea proposatzen du seigarren ekitaldian Getxophotok

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko uzt. 11a, 17:32

Imanol Landa Getxoko alkateak, Jokin Aspuru lehiaketaren zuzendariarekin batera, Getxophoto 2012 Nazioarteko Jaialdiaren egitaraua aurkeztu du gaur goizean Portu Zaharrean egindako ekitaldian. Begihandi taldeak antolatutakoa da. Bere seigarren ekitaldian, abuztuaren 30etik irailaren 30era arte egingo den proposamenak “Haurtzaroari gorazarre” du lelo nagusia. Bertan, nazioartean ospe handia duten artistek beren artelanak erakutsiko dituzte udalerriko hainbat lekutan. Batez ere, Algortako Ereagako hondartzatik Portu Zaharreraino doan gunean, erakusketaren ardatza izango den esparruan. Argazkian, Aspuru eta Landa gaurko aurkezpenean / © Getxoko Udala.

Landak nabarmendu nahi izan duenez “Getxophoto Getxon udako kultur proposamen garrantzitsu eta erakargarriena bihurtu da. Blues, Jazz eta Folk jaialdi ospetsuekin batera, ekitaldi hura Getxok irudi kosmopolitago baten, mundura irekitzearen eta argazkigintzaren bidez adierazitako joera artistiko berrien alde egindako apustuaren igorle onena da”. Modu berean, “jaialdi hau ez da artea soilik, ez da erakusketa bat gehiago. Getxophoto arte-korronte abangoardistenen ispilu bihurtu da, eta gure hau abangoardian kokatu nahi duen udalerria da”, azpimarratu du ere.

Bere hitzaldia amaitzeko, alkate getxotarrak haurtzaroari, seigarren ekitaldiaren gaiari buruzko aipamena egin nahi izan du: “aurreko urteetan, aisialdia eta zahartzaroa ardatz izanda, aurten haurtzaroari erreparatzen dio, horri gorazarre eginez, gure gizartearen geroko itxaropena baita”.

Egitaraua

Jokin Aspuru Getxophotoren zuzendariak, bere aldetik, jaialdiaren nondik norakoa zehatz-mehatz azaldu nahi izan du. “Lehiaketaren egitarau artistikoaren ardura guztia Frank Kalero komisarioarena da. Oraingo honekin hiru urteko zikloa itxiko du, bere diskurtso osoa erakutsiz. Ikuskera zuzena proposatzen digu, egun puri-purian dauden gaietan erreparatuz. Oraingo honetan haurtzaroak berez duen askatasuna erakusten du, betebehar gabeko aroa baitugu”.

Erakusketak abuztuaren 30etik irailaren 30era izango dira ikusgai, eta udalerriko edozein txokotan ikusi ahal izango dira. Baina artelan multzorik handiena Ereaga hondartza eta Portu Zaharra arteko esparruan egongo da.

Hilabete inguruz 20 erakusketaz gozatu ahal izango da, nazioartean ospetsuenak diren argazkilariek egindakoak direla. Gaiak oso bestelakoak dira eta hain idealizatuta dagoen bizitzako aro hari buruzko ikuspegi berezia emango dute. Haurren arteko adiskidetasuna (Alessandra Sanguinetti), neskato txinatarren adopzioa (O Zhang), amaigabeko udaldiak (Margaret M. De Lange), haurrentzako ipuin klasikoak (Jan von Holleben) edo urtebetetze ospakizunak (Ve Speers) dira, gozatu ahal izango ditugun historia fotografiko batzuk.

Jarduerak

Erakusketa nagusiez gainera, Getxophoto 2012-k jarduera parte-hartzaile zenbait izango ditu, argazkilari eta talde batzuk gonbidatuta. Abuztuaren 31n, ostirala, 20:00etan, Areetako Andres Isasi Musika Eskolak Opening, Jaialdia irekitzeko ekitaldia, hartuko du, eta bertan, besteak beste, Roger Ballen ospetsuaren lanari buruzko emanaldia eskainiko dute.

Marcos López argazkilari argentinarrak, besteak beste, Portu Zaharrean lekututako “El Sireno del Río de la Plata”-ren egileak, emango duen tailerra azpimarratzekoa da. Helburua pertsona talde batekin lan egitea da, argazki baten aurre-ideia, aurre-ekoizpena, logistika, ekoizpen eta ekoizpen ondoko diseinua aintzat hartuta. Eta, nola ez, Photo Walk ere, argazki estudio eta galerietara bisita gidatua.

Nahi duen guztiak bere lana jaialdian erakusteko aukera izango du, irudia posta elektronikoz bidalita getxophoto@gmail.com helbidera. Aurten proposamena “Geroari gorazarre” da. Jasotako argazki guztiak erakusketa areto batean jarriko dituzte Getxophoto 2012 jaialdiak dirauen artean. Antolakuntzak horietatik 30 hautatuko ditu herriko hainbat saltokitako erakusleihotan binilo euskarrian erakusteko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun