Larunbatera bitartean, Algortako Torrene kaleko azokan ikusi ahal izango dira
"Sua" filmaren grabaketen argazkiak, jantziak, argazki-liburua... Duela 8 urte baino gehiago hasi ziren Eneko Aritzaren Lagunak kultur elkarteko kideek "Sua" XVII. mende hasieran Lapurdin izandako inkisizioan oinarritutako filma egiten. "Pelikula hau herri mailan eta era amateurrean egin da, batere baliabide eta diru laguntzarik gabe, guztia jendearen eskuzabaltasunaz landuta. Gutariko inor ez da mundu honetan aditua, baina ederki pasa dugu film hau grabatzen, Euskal Herri guztian zehar egin ditugularik grabaketak eta 700 lagunetik gora parte hartu duelarik", azaldu dute arduradunek. Zatietako batzuk Uribe Kostako hainbat parajetan grabatu dituzte eta eskualdeko lagunek ere parte hartu izan dute. Orain estreinatzeko garaia da. Gauzak horrela, ostiralean, hilak 13, Algortako Bihotz Alai plazan izango da ikusgai, 22:00etan. Bertara hurbildu nahi izanez gero, Bizarra Lepoan eta Egizu euskara elkarteetako bulegoetan (Martikoena kalea 16, 2. solairua, Algorta) sarrerak eskura daitezke. Era berean, Katilu, Saniko eta Ajuria tabernetan ere lor daitezke. 6 eurotan daude salgai. Hala ere, leihatilan ere egongo direla ziurtatu dute antolatzaileek. Argazkian, filmaren pasarteetako bat.