Auzitegi Nazionalak jaulgitako epaian frogatutzat eman zuten Getxon aurkitutako lehergaiak Cotanok garraiatu zituela, Guardia Zibilaren esku inkomunikatua zenean egindako deklarazioan oinarrituta. Gorenak, ordea, adierazpen berberak aintzat hartuz, Auzitegi Nazionalari egotzi dio ez duela azaldu nola heldu zen ondorio horretara. Francisco Monterde epailearen arabera, ez dago egiaztatua atxiloaldian gazteek halakorik esan zutenik, eta epaituek berek ere ukatu egin dute gerora.
Tortura salaketa ez du onartu
Aitor Cotanok, atxilotu zutenean torturatu egin zutela salatu, eta helegitea jarri zuen. Goikoetxeak ere salatu zuen Guardia Zibilaren esku egon zen inkomunikazio aldian torturatua izan zela. Egindako adierazpen guztiak egoera horren ondorio izan zirela jakinarazi zuten biek. Kasu horretan, ordea, Gorenak ez du aintzat hartu Cotanoren eskaera.
Aitor Cotano algortarraren defentsak helegitean azaldu zuenez, Cotanok ez zuen ustezko aferarekin loturarik eduki ez eta bere aurkako frogak torturen bidez inkomunikazio aldian sinarazitako deklarazioak izan ziren. Gainera, abokatuek nabarmendu zuten Guardia Zibilak ez zituela Cotano bideoz grabatu atxiloaldi osoan zehar, epailearen agindua urratuz.