Barrikako Bilduk genero-indarkeriaren aurka dagoela argi utzi nahi izan du eta "ez dela hura besterik gabe kondenatzera mugatzen, baizik eta beraren aurkako jarrera proaktiboa duela". Horregatik, koalizioaren ustez, beraien "kargu publikoren bati genero-indarkeria deliturik egozten badiote, kargu publikoa betetzen duen horrek auzia argitu arte bere jarduera behin behinean bertan behera utzi behar du". "Erantzukizunaren kontua dela ulertzen dugu, babesten ditugun balioekin koherenteak izan behar dugunez gero. Horrek ez du errugabetasun-presuntzioa zalantzan jartzen, baizik eta era etikoan jokatzen dela suposatzen du", ezkertiarren iritziz.
Barrikako Bilduren komunikatua
Barrikako udaletxean Heriberto Lago-Lekue zinegotziarekin sortutako egoeraren aurrean, Bilduk honako hau adierazi nahi du:
Heriberto Lago-Lekue, Barrikako Bilduren zinegotzia, genero-indarkeria delitu bat egin omen duelako salatua izan da eta zigor prozedura bat ireki zaio bere kontra. Aipaturiko prozeduran kautela-neurri batzuk ezarri zaizkio.
Genero-indarkeria gure gizartearen izurri handienetako bat da. Horregatik uste dugu gure lana ikusten ditugun kasuak salatzea dela eta bortizkeria matxista betiko erauzteko irmoki lan egitea.
Bilduk genero-indarkeriaren aurka dagoela argi utzi nahi du eta ez dela hura besterik gabe kondenatzera mugatzen, baizik eta beraren aurkako jarrera proaktiboa duela. Horregatik, uste du Bilduren kargu publikoren bati genero-indarkeria deliturik egozten badiote, kargu publikoa betetzen duen horrek auzia argitu arte bere jarduera behin behinean bertan behera utzi behar duela.
Zinegotziak herritarrak ordezkatzeko aukeratu dituzten kargu publikoak dira eta horregatik akatsik gabeko portaera mantendu eta gainerako herritarrentzako eredu izan behar dute.
Erantzukizunaren kontua dela ulertzen dugu, babesten ditugun balioekin koherenteak izan behar dugunez gero. Horrek ez du errugabetasun-presuntzioa zalantzan jartzen, baizik eta era etikoan jokatzen dela suposatzen du.
Esandako guztiagatik, Bilduk, Heriberto Lago-Lekueren errugabetasun-presuntzioa errespetatuz, hainbatetan eskatu dio bere udaleko ardura politikoak bertan behera uzteko, zigor-arloko prozedura ebatzi bitartean. Hala ere, orain arte Bilduren zinegotzia izan denak muzin egin dio eskaera horri behin baino gehiagotan.
Heriberto Lago-Lekueren etengabeko ezezko jarreraren aurrean, Bilduk adierazi nahi du jadanik automatikoki eta behin betiko aldenduta geratzen dela Bilduren ordezkari politikoa izatetik.
Azaldutako guztiagatik, eta bukatzeko, beharrezkoa deritzogu argi uztea Heriberto Lago-Lekuek bere zinegotzi kargutik ez duela une honetatik aurrera Bildu ordezkatzen Barrikako udaletxean.