Prestakuntzari dagokionez, graduondoko prestakuntza eskaintzeaz gainera, herritarrei begirako dibulgazio zientifikoko ekimenak bideratzea aurreikusita dago, eta goi mailako teknikarien prestakuntzarako eta prestakuntza iraunkorrerako jarduera espezifikoak antolatzea.
Era berean, aholkularitza zientifiko-teknikoa eskaintzen die ingurumen-enpresei, industriei eta administrazioari, isuri toxikoei buruz, ingurumenaren kutsadurari buruz eta Europako legedien aplikazioari buruz.
Instalazioak
Plentziako Itsas Estazioaren egoitzaren eraikina 1923koa da; Bizkaiko Aurrezki Kutxak eraiki zuen, hezurretako tuberkulosia zuten gaixoentzako erietxe helioterapiko bat ezartzeko. Hainbat hamarkadatan BBKren jabegoa izan zen. Orain Kutxabankeko kidea da finantza erakunde horrek Plentziako Udalari laga zion eraikina, eta Udalak EHUri utzi dio, proiektu hau gauzatzeko.
2.500 metro koadrotik gorako azalera du, bost mailatan banatuta:
- Sotoan, arazte-sistemak eta banaketa-tangak ezarri dira. Instalazio horiei esker, itsasoko ur-bolumen handiak erabili ahal dira (12.000 litro orduko emaria), eta, horrela, gaur egun arte ezinezkoak izan diren esperimentuak egin ahal dira, eta, beraz, euskal ikerketa-taldeek beren jardueran izan dituzten muga asko gainditzeko aukera ematen diete.
- Erdi-sotoan bi gune bereizi dira. Batetik, Esperimentazio Gunea, honako hauek osatua: esperimentazio akuariologikorako eremua (akuarioak, laborategiak…); espezimenen bankua; segurtasun biologikoko aretoa, 3 mailakoa; eta, terrazan, 20.000 litroko bi mesokosmos. Eta, bestetik, Gune Soziala, ekitaldi-aretoak eta zenbait gela atxikik osatua.
- Behe solairuan graduondoko eskolak ematen dira; idazkaritza, zuzendaritza, bulegoak, ikasgelak eta praktiketarako laborategiak ere daude hantxe.
- Lehen solairuan ikerketa-laborategiak eta liburutegia ezarri dira. Liburutegiak, funts propioez gainera, EHUko Liburutegi Nagusiko bibliografia-bildumarako sarbidea eskaintzen du.
- Teilatupea klimatizazio-instalazioak, aireztapenekoak, etab. ezartzeko erabili da.
- Horrez gain, aipatzekoak dira begiratokiak, 200 metro koadrotik gorako eremua hartzen dutenak.
Instalazio horietan ezarri diren zerbitzuei dagokienez, bereziki azpimarratzekoak dira honako hauek:
- Itsas ekosistemaren osasunaren ikerketa-laborategietan, Ingurumen Bioespezimenen Bankuaren proiektu pilotua lantzen da; proiektu horren barruan, muskuilu, ostra, korrokoi, antxoa, legatz, aingira eta abarren lagin biologikoak biltzen dira, baita hainbat laginketa-kanpainatan lortutako serie historikoak ere. Bankua Europako eta munduko banku-sareen barruan sartuta dago, eta laginen trukea eta arlo horretako lankidetza erraztuko du horrek.
- Itsas biologiako esperimentazio-zerbitzua, instalazio bereziez hornitua, hala nola, ur-patologiaren esparruko esperimentaziorako segurtasun biologikoko aretoa eta itsas ureko mesokosmosak. P3 segurtasun biologikoko aretoari esker, parasitoekin eta patogenoekin lan egin ahal dute ikertzaileek, kutsadura kimikoaren ondorioen eta infekzio eta infestazioek itsas animaliengan duten eraginaren arteko lotura ikertzeko, baita espezie inbaditzaileen biologiaren hainbat alderdi lantzeko ere.
- Unibertsitate-mintegiak dibulgazio zientifikoko jarduerak eta ingurumen-hezkuntzakoak nahiz kontzientziaziokoak antolatzen ditu; baita maila ertaineko eta goi mailako teknikarientzako espezializazio ikastaroak eta graduondoko eta doktoregoko prestakuntza-jarduerak ere. Zehazki, nazioarteko bi master eta doktoregok dute egoitza estazioan: Marine Environment & Resources, UPV/EHUk eta Bordeleko, Southamptoneko eta Liejako unibertsitateek emana, eta Ingurumen Kutsadura eta Toxikologia, biak ere ingurumenaren osasunaren eta, bereziki, itsas ingurunearen osasunaren ikerketan oinarrituak. MER masterreko ikasleak 2012-13 ikasturteko bigarren lauhilekoan helduko dira Plentziako Itsas Estaziora: lehenengo mailako 30 bat ikaslek eskola izango dute bertan, eta bigarren mailako zortzi ikaslek masterreko tesia burutuko dute. Ingurumen Kutsadura eta Toxikologia masterrekoek, berriz, irailean hasiko dituzte klaseak.
Guztira, 20 ikertzailek, Michael Collins eta Iciar Martínez Ikerbasque ikerlariak tartean, eta hogeita hamar bat doktoregaik osatutako PIEren lan-taldea. Nazioarteko ikertzaile adituak eta prestakuntzan diharduten ikasleak ere erakarri nahi dira, lehentasunezko ikerketa-ildoak sustatzeko. Antolatutako lehen bisitetako bat irailaren 6an egingo da, Bilbon antolatu den European Society for Comparative Physiology and Biochemistryren 28. Kongresuko partaideekin.
Plentziako Itsas Estazioaren inaugurazioa argazkitan (© Bizkaiko Foru Aldundia)