"Euskadin arte garaikide gaztearen esparrua murritza izanda, Getxoarteko artistek hiru urtetan jarraian edo aldizkako lau urtetan parte har dezakete eta hori artisten sormenaren kalterako izatea gerta liteke", diote kultur iturri getxoztarrek. Beraien hitzetan, azken urteotan, eskabide kopuruak behera egin du eta "horrek eragina izan du agian bisitarien kopuruan". Formula berriari esker antolatzaileek "errepikatu nahi duten artistei atsedena eman nahi diete, proiektuak prestatzeko denbora gehiago izango dutela". Halaber, aldaketa hori dela medio "artista belaunaldien arteko ordezkatzea" lortu nahi da.
Aretoaren jardueran zehar aldaketa anitz izan dira ekimenaren formatua garai berrietara eta sortzaile berrien beharretara egokitzeko. Azken urteotan Getxoarteren konfigurazioa eraberritu da eta jarduera osagarriez bisitak gehitzen saiatu da, besteak beste. Aldizkakotasuna aldatuta, antolatzaileek "Azoka bisitarientzat erakargarriago gertatzea eta Arte Ederren ikasleentzat erakusleiho hobea izatea" nahi dute.
Getxoarten parte hartu ahal izateko baldintzak ia ez dira aldatuko, ezta antolatzaileek emandako zerbitzuak ere. Hautatuek beren lanak stand batean erakusteko aukera izango dute, doan. Gainera, erakustokian argiztapen eta seinaleztapen zerbitzuak ere doan izango dituzte. Azkenik, Getxoartek, orain arte bezala, katalogo zabala argitaratuko du parte hartzen duten artista guztien lanen berri jaso eta modu horretan lan artistikoak jendartean errazago zabaltzeko.
Esperientzia praktikoa
11 urtez Arte Sortu Berrien Aretoa ezagunak ez diren baina etorkizun handia duten artista gazteen erakusleihoa izan da. Erakusketan lan anitzak ikus daitezke, esaterako pinturak, eskulturak, argazkiak, bideoak, marrazkiak eta multimedia lanak eta bisitariek egungo arteaz gozatzeko topagune ezin hobea dute Getxoarte.
Aretoa esperientzia praktiko ezin hobea da artista gazteentzat, haien lanetan interesa duten pertsonekin zuzeneko harremana izan baitezakete, bai bisitariekin bai sektoreko profesionalekin. Horrela, era natural eta profesionalean, parte hartzaileek, inolako oztoporik gabe, haien lanak gustuko dituzten ikusleekin hitz egin dezakete zuzenean. Getxoarten aukera artistiko guztiak sartzen dira, proiekturik pertsonalenetatik hasi eta talde proiektuetaraino, eta egungo euskal arte ekoizpenaren orainaren eta etorkizunaren isla da.