Orain, arautegi berriari esker, ikasleek erreferentzia bakarra dute unibertsitateko ibilbideari ekiteko eta arauak, eskubideak eta betebeharrak ezagutzeko, eta ez dute araudi batean baino gehiagotan kontsultatzen aritu behar, orain arte bezala.
Dokumentua zenbait titulutan banatuta dago. Lehenengo, ikasleen eskubideak zerrendatzen ditu, honako hauek zehaztuta: pentsamendu-askatasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza, hizkuntza-eskubideak, intimitateari eta irudiari begirako errespetua, informazioa jasotzeko eskubidea, osasun arloko babesa eta arriskuen prebentzioa.
Halaber, ikasleek eskubidea dute tutoretza-sistema eraginkorra izateko; irakasleak, ikertzaileak eta zerbitzuetako langileak ebaluatzeko; jarduera jakin batzuetan parte hartzeagatik aitorpen akademikoa jasotzeko; euren datu pertsonalak babestuta edukitzeko; mugikortasun-programetan parte hartzeko, edo ikasketetan egindako lanen egiletzaren aitorpena jasotzeko.
Esplizituki jasota ageri dira beren eskubideen defentsaren aitorpena eta aldarrikapen eta protesta akademikoak egiteko eskubidea. Eskubide horiek guztiak modu bermatzailean araututa, baina ezarritako ebaluazio-egutegia bere horretan mantenduta.
Eskubideen gutun orokor horrekin batera, lehen aldiz ezarri dira ikasle-kategoria berezientzako zehaztasunak, eta, hortaz, eskubide gehiago izango dituzte bermatuta. Hala bada, ikasle hauen eskubideak definitu dituzte: gradu eta masterretako ikasleenak; doktoregoetako ikasleenak; etengabeko prestakuntzako ikasleenak; kirolarienak; genero-indarkeriaren biktimenak; erditu duten edo haur bat hartu duten ikasleenak; mendeko senideren bat zaintzen duten ikasleenak, eta ikasketak eta lan arloko prestakuntza bateratzen dituzten ikasleenak.
Betebeharrak
Gero, arautegiak ikasleek beren gain hartu beharreko betebeharrak zehazten ditu, hala nola EHUko araudia ezagutzea; gainerakoen eskubideak errespetatzea; dagozkien zereginak onartzea; hauteskundeetan lortutako karguak dedikazioz eta arduraz betetzea; ikasle ordezkatuei organoen jardueren eta erabakien berri ematea; kide anitzeko organoetan parte hartzea, haietako kide direnean; unibertsitatea hobetzen laguntzea; unibertsitateko ondarea arretaz erabiltzea; mesedezko edo pribilegiozko traturik ez onartzea.
Halaber, EHUko izena, sinboloak eta ikurrak errespetatzea; ekitaldi akademikoak errespetatzea, adierazpen- eta aldarrikapen-askatasunari kalterik egin gabe; diskriminaziorik eza modu aktiboan erabiltzea eta sustatzea; ikastea; prestakuntza osatzeko mesedegarriak diren jarduera akademikoetan modu aktiboan parte hartzea; ebaluazio-prozesuetan arduraz eta objektibotasunez jardutea, eta irakaskuntza-ikaskuntzako prozesuan parte hartzea ere dira ikasleen betebeharra, ezarritako prozedurak eta epeak errespetatuta.
Arautegiak ikasleen ordezkaritza-organoen eraketa eta funtzionamendua ere ezartzen ditu (bereziki ikasle-kontseiluena), baita ikasle-elkarteena ere. Atal zabal bat eskaini dio irakaskuntzaren plangintzari eta ebaluazioari, eta, azkenik, kexak adierazteko protokolo bat ezarri du.
Eva Ferreira EHUko idazkari nagusiak adierazi duenez, "arautegi hau onartzeak berekin ekarri du EHUn ikasten duten pertsona guztien estatusa definitzea, haien eskubideak erabat bermatuta, betebeharrak zehaztuta, haien lana ebaluatzeko irizpide argiak ezarrita eta unibertsitateko bizitzan eraginkortasunez parte hartzeko bideak eskainita, erabakiak hartzean parte hartzekoak barne. Nabarmentzekoa da arautegia egiteko ikasleen ordezkarien adostasuna lortu nahi izan dugula eta haien eskaera nahiz aldarrikapenei erantzun diegula. Gure ustez, EHUko ikasleen jarduera akademiko, ludiko eta sozialaren garapena biziagoa eta aberasgarriagoa izango da".
Bestalde, Aratz Castro EHUko Ikasleen Kontseiluko buruaren esanetan, "gure helburu nagusia arautegia ikasleen eskubide sozialen aurrerapen bat izatea zen. Horregatik jaso dituzte bertan hizkuntza-eskubideak, eta eskubide zehatzak aitortu zaizkie hiru urtetik beherako seme-alabak dauzkatenei, genero-indarkeriaren biktimei edo mendeko pertsonaren bat zaindu behar dutenei. Era berean, ikasketak eta lana bateratu behar dituztenei erraztasunak ematearen aldeko apustua egin genuen, Europako Unibertsitate Eremuak ezarritako filosofiari jarraituta".