Ohiturari eutsiz, ostiral honetan, uztailak 20, Santa Mariñe jaia ospatuko dute Sopelan. Txupina goizeko 10etan jaurtiko dute. Ondoren, Udaletxeko plazatik Santa Mariñe baselizara arte kalejira egingo dute, Barinatxe taldeko txistulariek lagunduta. 11:00etan, meza nagusia hasiko da bertan. 11:30ean, ohorezkoa aurreskua dantzatu eta lore eskaintza egingo da Fernando Ansoleagaren omenez. Eguerdiko 12etan hamaiketakoa egingo dute. Arratsaldeko ordu bietan, berriz, herri bazkaria hasiko da, Fernando Ansoleaga parkean. 16:00etatik aurrera, Aldats taldeak alaituko du arratsaldea. Azkenik, 17:00etatik aurrera, tortilla lehiaketa egingo dute. Bestalde, Sopelan ez ezik, Urdulizen ere ospatu ohi dute Santa Mariñe eguna. Argazkian, ohorezko aurreskua Santa Mariñe egunean / © Sopelana.net.