2008ko azaroan inauguratu zuten Arboretum, eta 14 hektarea hartzen ditu, guztira, EHUren Bizkaiko campusean, Leioan. Dena dela, zenbait aldetan banaturik dago, eta hiru kilometroko errepide- eta bide-sare batek lotzen ditu aldeok. Leioa, Erandio eta unibertsitatearen beraren instalazioak ditu mugakide, eta hainbat erabilera ditu: publikoa, zientifikoa eta akademikoa.
1.700 zuhaitz
Guztira, 130 barietatetako 1.700 zuhaitz daude Arboretumen hiru guneetan, baita 600 zuhaixka, azalea sailak, errododendroak eta arrosa landareak ere. Gainera, herritar guztiek dute sarbidea. Hala, Arboretum "Autoktonoa" deritzonak, esaterako, Euskadiko habitat naturalak jasotzen ditu; "Asia eta Ekialdea" deritzona, berriz, Euskadikoaren antzeko klima duten beste lurralde batzuetako espezieak biltzen ditu; eta, azkenik, "Produktiboa" delakoan, egurra egiteko zein janaritarako espezieak daude.
Natura-gunearen egonkortasuna eta heldutasuna bere horretan iraunarazteko asmoz egin zuen Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak lankidetza-hitzarmena, eta, horri esker, beste zenbait hobekuntza ere etorri zaizkio: hobetu egin dira hango zelaiak, azpiegitura-lanak egin dira (urak biltzeko sistema, kutxatilak, ureztatze sistemaren ikuskapena, arekak) eta, gainera, lehen zuen baino balio handiagoa eman diote han askatu dituzten animaliek.
Halaber, Bizkaiko Fauna Basatia Sendatzeko Zentroan jaso eta oneratutako animaliak izan dira, hau da, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gorlizko zentroan sendatutakoak.
Irene Pardo Nekazaritzako foru diputatuaren hitzetan, "mundua gero eta hiritarragoa dugun gariotan, zuhaitzek beste betekizun bat izan behar dute hirietan, eta horrexegatik jarraitzen dugu zuhaitzei merezi duten kudeaketa eta babesa ematen. 'Gerriko berde' esaten zaien horiek zeregin garrantzitsua dute animalien habitat gisa, eta Arboretuma laborategi bizidun moduko bat da, ingurumen-hezkuntzan oso baliagarria. Horrez gainera, hiriko biztanleen eta basoen artean dagoen arrakala murrizten laguntzen du".