Paella Egunarekin emango diote hasiera jai handien maratoiari Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko uzt. 19a, 17:04

Hamaika mila pertsona batuko dira hurrengo egunotan Getxon jai desberdinetan parte hartu ahal izateko, udal iturriek aipatu dutenez. Udalerriko ospakizun handienetako lehena igandean, uztailaren 24an, izango da Aixerrotan, ohiko Paella Lehiaketarekin, bere 57. ekitaldian. Nazioarteko lehiaketaren ostean, San Inazio jaiak helduko dira, uztailaren 27tik 31ra; Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako festak uztailaren 31tik abuztuaren 5era ospatuko dira; eta Algortako Portu Zaharrekoak abuztuaren 9tik 12ra izango dira. San Inazioetan bost jai-eremu egokituko dira. Telletxe izango da berriro jaietako erdigunea, bertatik jaiak iragartzen dituen txupinazoa botako delako eta bertan irakurriko baita pregoia ostiralean, hilak 27, 18:00etan. Beste ekitaldi nagusi batzuk ere ospatuko dira bertan. Tellagorri plaza, Ereaga hondartzaren ondoko ingurua, Kasinoko plaza eta Biotz Alai abesbatzaren plaza izango dira jaietako beste eremu batzuk. Nagusientzako dantzak Zabala eskoletan izango dira. Argazkian, aurkeztutako paelletako batzuk, artxiboko irudian.

Ohi bezala, jai horien programazioa auzoetako Jai Batzordeek prestatu dute, eta Udalak jarduera batzuen antolaketan kolaboratzen du, esate baterako, Ereagako su artifizialak ordainduz, diru-laguntzak emanez (2011n emandakoen antzekoak) eta azpiegiturak ipiniz. San Inaziokoei dagokienez, udal diru-laguntza 32.000 eurokoa da; Romokoetara 22.000 eta Portu Zaharrekoetara 14.000 euroko diru-laguntzak bideratu ditu. Era berean, Udalak kontzertu handiak eta umeentzako jolasak ordaintzen ditu.

Koldo Iturbe Kultura zinegotziak gogoratu duenez, “jaiak Getxo herriak duen bizitasunaren beste adierazpen bat dira. Getxotarrok eta gure herrira datozenak egitarau osoarekin gozatzera animatu nahi ditugu, eta baita parte-hartzeko, adeitasunezko eta giro euskalduneko jaiak edukitzera ere, non desberdinen arteko elkarbizitza, bakea eta gure herriarekiko maitasuna egunotako ardatzak izan behar diren.”
Iturbek herriko jai batzorde guztien lana goraipatu nahi izan du. “Ezin dugu ahaztu urte osoan, udalerriko jai nagusiak ez ezik, auzo txikiagotan ere jaiak egiten direla, gogo eta parte-hartze berdinarekin. Horietan ere, jai nagusietan legez, beren jai batzordeek urte osoko lana egiten dute jai herrikoien tradizioari eta geroari eusteko, lan eta sakrifizio handia eginez”.

Trafiko neurriak

Udaltzaingoak jaiak normaltasunez ospatzeko zirkulazio neurri bereziak ezarriko ditu. Paella Txapelketaren egunean, Udaltzaingoak zirkulazioa errazteko behin-behineko ordezko ibilbidea ezarriko du trafikoa arintzeko. Jai eremura Aingeruraren Etorbidetik eta Gustavo Adolfo Bécquer (horretan bidearen albo banatan aparkatu ahal izango da) kaletik sartu beharko da eta irten Bostgarrena, Peña de Santa Marina eta Gabriel Ramos Urangatik.

Saninazioetan Algortako jaietako eremua egunero 18:00etatik 06:00etara itxita egongo da autoentzat. Beste batzuetan ere zirkulazioa eten egingo dute, hala nola, Ereagan su artifizialak diren bitartean, pregoia irakurtzen dutenean eta ondorengo koadrilen desfilean, goitibehera lehiaketan, Kantxa Kirol Modaren herri lasterketan eta uztailaren 31ko 67. Getxoko Zirkuitua-XII. Ricardo Otxoaren Oroimenezkoan. Hain zuzen ere, txirrindulari lasterketa horretarako neurri berezi batzuk hartuko dira Getxoko ibilbide osoan, 09:30etik lasterketa igaroko den kale guztietatik txirrindulariek eramango duten noranzkoan ibiliz. Ereagan, pasealeku ondoko bidean barrakak daudela eta, Turismo bulegoaren eta igogailuaren arteko zatian, hegal ondoan, bi noranzko bidea egokituko da aldi baterako.

Itzubaltzeta / Romon eta Portu Zaharrean antzeko neurriak jarriko dituzte indarrean. Gainera, Romon, beste behin-behineko etete batzuk izango dira, besteak beste, Herri Krosagatik, goitibehera jaitsieragatik, pregoia eta txupinazoagatik.

Portu Zaharrean abuztuaren 6an 11:00tatik itxiko da bidea Ereagako igogailuaren paretik, jaietako muntatze lanak hasiko direnez aparkalekua hesiekin zarratuko baitute, eta ez da hilaren 14ko goizera arte zabalduko, behin jaiak amaituta eta aldi bateko instalazioak kenduta. Hornikuntzako ibilgailuak eta egiaztagiri berezia dutenak baino ezin izango dira sartu.

Arriskuen murrizketa

Getxoko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, seigarren urtez jarraian, alkohola eta beste droga mota batzuk hartzeari lotuta ager daitezkeen arriskuak murrizteko ekimena bultzatuko du, udalerriko jai nagusietan. Alde batetik, karpa bat jarriko dute alkoholemia-kontrol boluntarioak egiteko eta bestetik, furgoneta-karpa bati izango da ere, jaietan bertan informazioa emateko eta drogak aztertzeko zerbitzuekin (Testing programa).

Alkoholemia-kontrola abuztuaren 10ean egin ahal izango da, Portu Zaharreko jaietan. Bestalde, testing-proba uztailaren 28an Algortako jaietan, abuztuaren 3an Romokoetan eta abuztuaren 10ean Portu Zaharrekoetan. Guztien ordutegia, 00:00etatik 03:00etara artekoa izango da.

Paella Egunaren egitaraua:

10:30 Nazioarteko Paella lehiaketarako izen ematea
12:00 Txalaparta deia UKTESTen eskutik
12:10 Dantza emanaldia Itxas-argia dantza taldekoen txikien eskutik
13:30-14:30 Paellen aurkezpen
16:00-17:00 Umeen jolasak Gas Natural Fenosaren laguntzarekin
17:30 Sari banaketa
18:30 Erromeria Izargi taldearekin
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun