Uztailaren 17an afalorduan liskar bat izan zuten Valentziako Picassent espetxean dauzkaten Sopelako Sergio Polo Escobes eta Villabonako Manex Castro Zabaleta preso politikoek, beste preso sozial batzuekin,
Etxerat elkarteak zabaldu duenez. "Liskarraren unean tentsio uneak bizi izan ziren, eta liskarra hasi zuen preso soziala lehenik, eta sopeloztarra eta villabonarra ondoren, isolamendura eraman zituzten. Bi euskal preso politikoak isolamenduko modulura eraman zituztenean, miatu egin nahi izan zituzten, eta ez zutenez onartu nahi, une horretan ere liskarra izan zuten funtzionarioekin", azaldu dutenez. Orain Polo eta Castro isolamenduan aurkitzen dira. Etxeratek gaineratu duenez, liskarra gertatu zen unean, Iurreko Eduardo Perez de Anuzita ez zen bertan aurkitzen. "Eta liskarraren ondoren bere kideak bertan ez zeudela ohartu zenean, funtzionarioen bere bi kideengatik galdetu zien. Erantzunik jaso ez zuenez, planto bat burutzea erabaki zuen bere kideen egoeraren berri izan arte. Orduan, funtzionarioek bortizki igo zuten ziegara, lepotik helduta eta arrastaka eraman baitzuten". Egoera honen aurrean eta kideen inguruko informaziorik ez izatean, Perezek gose greba bat hastea erabaki zuen. "Picassent espetxean orokorrean tentsio handiko giroa nabari da, eta euskal preso politikoekiko jarrera probokatzaileak etengabeak izaten ari dira", salatu du senideen elkarteak.