Fetuaren malformazioa abortatzeko eskubidea praktikan jartzeko irizpideetatik ezabatzeko Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak egin duen proposamena “erabat lotsagarria eta atzerakoia” dela uste du
Aralarrek. Zentzu horretan, PPren gobernua egiten ari den murrizketek edo lege aldaketek “kutsu ideologiko argia eta sakona” dutela salatu du. Lehendabizi, urteetako borrokaren bitartez lortutako eskubide sozial eta laboralak murrizteko asmoa agertu du Espainiako eskuinaren gobernuak, baina orain, haratago joan nahi du, eta Abortuaren Legea aldatuta bi helburu gaitzesgarri eskuratzea nahi du: Espainiako estatuak bizi duen egoera ekonomiko eta sozial dramatikoaren aurrean arreta beste nonbaitera desbideratu eta beren etorkizunaren eta gorputzaren gainean erabakitzeko emakumeen izan behar duten eskubidea ezabatu. Espainiako Gobernuak Abortuaren Legea aldatzeko agertu duen asmoa atzerakoiaz gainera, Hego Euskal Herriko jendartearen gehiengoaren pentsamendua ez duela ordezkatzen uste dugu. Pertsonen duintasuna eta bizitzako esparru guztietan erabakitzeko gaitasuna errespetatzea da herritarren gehiengo zabal batek babesten duen posizionamendua. Argazkian, 2009ko martxoaren 8an, abortu librea eskatu zuten feministek Algortan.