Algortako Portu Zaharreko Sortzez Garbiaren Zentroko Karitatearen Alabak elkarteak 22.500 euro jasoko ditu Getxoko Udalarengandik. Udalak azaldu duenez, urteko diru-laguntza da kopuru hori, iazko bera. Udalak eta zentroak lankidetzarako hitzarmena sinatu dute aurten, "oinarrizkoak diren beharrei erantzuteko egunezko zerbitzuak eskaintze aldera", tokiko iturriek zabaldu lez. Gizarte-jantokia, dutxak eta garbitegia dira oinarrizko beharrak. Helburua da udal Gizarte Zerbitzuetatik bidalitako pertsonei janaria, garbitasuna eta arropa garbiketa bermatzea. Pertsona horiek aipatu prestazioak jasotzeko prozeduran ezarritako baldintzak bete behar dituzte. Sortzez Garbiaren zentroa irabazirik gabeko xedea duen erakundea da, esku-hartze sozialean eta Getxon bazterketa handiko egoera batean dauden pertsonekiko hurbiltasunaren esparruan jarduera oparoa duena. "Beren zerbitzuekin pertsona haien janari, garbitasun eta jantzi beharra betetzen ari dira. Eta eginbide hori udal Gizarte Zerbitzuetatik garatzen dugun gizarteratze berariazko prozesuaren barruan sar daiteke. Gizarteratze horren jomuga dira etxe gabekoak edo badaezpadako ostatua izanik beren oinarrizko beharrak (ostatua, janaria, jantziak eta oinetakoak) bete behar dituzten lagunak", azaldu du Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Argazkian, 2009an Getxoko Udalak hitzarmenak sinatu zituen jendarteratzeko xedea zuten zazpi elkarterekin. Ondoren etorri zen mojekiko hitzarmena.