Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eskaini dituen plazen %88,46 bete du uztailaren 16tik 20ra, matrikula egiteko lehen astean, alegia. Horrela, dagoeneko 7.338 ikasle matrikulatu dira EHUk eskaintzen dituen 68 graduren bateko lehen mailan. Unibertsitateak jakinarazi duenez, matrikula egiteko lehen aldian plaza guztiak bete dira zenbait gradutan, hain zuzen ere, Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzietan (mozketa nota: 9,720), Ingurumen Ingeniaritzan (8,630), Bilboko Irakasle Unibertsitate Eskolaren Haur Hezkuntzan (8,300), Ikasketa Ingelesetan (7,030) eta Historian (6,089). Beste hamar titulaziotan ere eskainitako plazak bete dira, baina oraindik ezin dira itxi, ikasle batzuk plazak bete ez dituzten beste titulazio batzuren zain daudelako eta, beraz, aldaketak izan daitezke hurrengo deialdietan. Argazkian, hainbat fakultate.