Euskal Herriko Rugby Koparen bidez, Euskal Herria Kirolak errugbia ezagutarazi nahi du, baita haren jarduera sustatu ere. "Goi mailako ikuskizun bat eskaini nahi dugu, errugbia erakargarri bihur dadin haurrentzat, eta errugbian aritzeko ausartu daitezen". Ildo beretik, Bidasoaren bi aldeetako taldeen arteko harremanak indartu nahi ditu. Horren harira Esturok argi utzi du, abuztuaren 3ko ekimena partidu bat baino gehiago dela, Euskal Herriko errugbiaren besta eguna izan behar duela. Hori dela eta, ahalik eta talde gehien bilduko dituen jaia prestatzen ari direla aurreratu du, besta bat non nahi duten talde guztiek haien burua ezagutarazteko aukera izango duten. Ildo beretik, Euskal Herri Kirolaren bozeramaileak berretsi du koparen helburua Euskal Herriko talde hoberena izendatzea dela, baina benetako garailea Euskal Herriko errugbia izan behar dela.
Bestalde, Esturok gogoratu duenez, "Euskal Herria Kirola, Euskal Herriko kirolariok sortutako elkartea da, kirolarien bilgunea, Euskal Herria kulturala eta Euskal Herria kirolaria oinarri hartzen duena”. Haren logoak ere hori adierazten duela nabarmendu du, "ideologietatik haratago, kolore guztietako Euskal Herria" kontutan hartzen dituena, ligak, kopak eta txapelketak antolatzean.