Bizkaiko txapelketan lehiatuko dira arratsean Uribe Kostako traineruak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko uzt. 25a, 18:00

Plentziako Arkote, Getxo udalerriko Getxo eta Areetako Raspas arraun taldeek arratsaldeko 7etan hartuko dute parte Bizkaiko traineru txapelketan, Lekeition. Hirurak lehen txandan arituko dira, Mundaka eta Deusturekin batera. Izan ere, haietako bat ere ez da faboritoa Bizkaiko txapela janzteko. Bigarren txandan, Santurtzi, Elantxobe, Isuntza eta Ondarroa arituko dira eta azken txandan lehia bizia izatea espero diren Kaikuk eta Bermeo-Urdaibaik elkar zelatatuko dute, Portugalete eta Zierbena txandakide izango dituztela. San Miguel Ligako borroka errepikatzea espero da beraz. Kaikuk, gainera, ondo dator Lekeitiora, ligan hiru bandera metatu dituela eta Bizkaiko txapela 12 aldiz irabazi duela, tartean azken hiru urteotan. Urdaibai berriz, egungo Euskadiko txapelduna da eta zazpi aldiz irabazi du Bizkaiko txapelketa, azkena orain lau urte, Kaikuk zorte oneko bolada moztu arte. Eskualdeko traineruei dagokienez, Arkote da bakarra Bizkaian irabaztean zer nabaritzen den dakiena, 2005ean eta 2006an lortu zuela. Horretaz gain, plentziarrak bigarren lotu ziren 2000n eta hirugarren 1997an. Podium gehien zapaldu duena, ordea, Getxo da. Algortako izenarekin, bigarren lotu zen 1982an eta zortzitan heldu da hirugarren, 1970 eta 1991 bitartean. Raspasen garai ona, berriz, murritzagoa da. 1995ean zein 1996an, hirugarren sailkatu zen eta 1997an, ordea, txapeldunordea izan zen. Azkenik, Lutxanak ere badu zer aldarrikatu proba honetan. 1972an eta 1990an agertzen da palmaresean, kasu beitan hirugarren heldu zelako. Argazkian, Getxo Arraun Taldeko Goizeko Izarra trainerua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun