Bihar, osteguna, abiatuko da Atxabiribil hondartzan Sopela Pro Junior txapelketaren seigarren edizioa. Igandera arte, 21 urte baino gutxiagoko 150 surflari baino gehiago elkartuko dira bertan. Proba hori Europako zirkuituak dituen probetako bat da eta puntuagarria da gazte kategorian. Neskentzat sei probetako laugarrena izango da eta mutilentzat, aldiz, bostetik hirugarrena. Beraz, Sopelako proban sailkapen ona lortuz gero, txapelketaren nondik norakoak zehaztuak geratuzko liratezke. Hori dela eta, surflariek irabazteko eta galtzeko asko izango dute Sopelan. Herrian ospatzen diren surf eta bodyboard proba gehienak legez, probaren antolatzailea Peñatxuri surf elkartea da, Sopelako Udalaren laguntzaz. Bestalde, Billabong da probaren sponsor ofiziala, eta Euskal Herriko Surf Federazioaren kolaborazioa ere azpimarratu behar da. Ustezko faboritoak nabarmentzeko orduan, nesken kategoriari dagokionez, Leticia eta Loiola Canales ahizpa sopeloztarrek zer esana emango dute, euren herriko hondartzan lan txukuna egiteko asmotan aurkeztuko baitira. Garazi Sanchez getxoztarra izango dute lagun. Izan ere, euren helburua surflari frantsesen nagusitasunari aurre egitea izango da. Aurrez aurre izango dituzte Maud Lecar eta Johanne Defay, iazko Sopela Pro 11ko txapelduna. Horretaz gain, Hegoafrikako Bianca Buitendag egungo zirkuituaren txapeldunak eta sailkapenean hirugarrena den Reunion irletako Cannelle Bulard surflariak ere parte hartuko dute. Argazkian, Garazi Sanchez getxoztarra / cc-by-sa
Gorka Palazio.