Langile eta zerbitzu publikoen aurkako "erasoa" salatzeko asmoz, LAB sindikatu abertzaleak hainbat elkarretaratze burutuko du bihar, osteguna, eguerdi aldera. Uribe Kostari dagokionez, protesta Gorlizko ospitaleko ate nagusiaren aurrean egingo dute goizeko 12:30ean. Aurretik, delegatuen asanblada egingo dute goizeko 10:00etan Gorlizko Teresiano kultur etxean. Zentralak zabaldu duenez, PPk osatutako Espainiako Gobernuak hartu dituen azken neurriak "arlo publikoko langileen aurkako eraso zuzena izateaz gain sektore publiko osoaren kontra doaz eta jendarte guztiari eragiten" diote. Sindikatuaren ustez, "frogatua dago ezarri dituzten neurriek ez dutela ezer konpontzen, alderantziz bide honek hondamendira eramango du euskal jendartea". Horregatik, "orain arte egin bezala", LABek euskal sektore publikoaren "defentsa irmoa egin" eta burujabetza politiko eta ekonomikoa aldarrikatuko du. Argazkian, LABeko kideek ELAkoekin batera, murrizketen salaketa egin zuten atzo PPk Areetan duen egoitzaren aurrean.