Carmelo Garitaonandia EHU Bizkaiko campuseko errektoreordeak adierazi duenez, “badakit hau sakrifizio handia eskatzea dela, batez ere kirolarientzat eta atletismo pistaren erabiltzaileentzat, baina espero dut denok konturatzea zelan hobetuko den campusaren irisgarritasuna behin obrak amaitutakoan”. Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzatik dei bat egin zaie Leioa eta Erandioko campusera joan behar diren guztiei ahal den neurrian garraio publikoa erabili edo kotxe partikularra partekatzeko ohitura har dezaten.
Leioa-Unbe errepidearen desbideratzea eta campuserako sarbide baten itxiera
Beste alde batetik, Parke Zientifikoan burutzen ari diren urbanizazio lanak direla-eta, abuztuaren erdialdera Leioa-Unbe errepidea desbideratu egingo da eta, ondorioz, campuserako sarreretako bat behin-behinean itxiko da. Horrela, abuztuaren erdialdetik urtearen bukaerara arte bi sarrera izango ditu Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio eremuak: bata, gaur egungo sarrera nagusia (Medikuntza Fakultatearen ondoan) eta, bestea, Irakasleen Eskolaren eta Arte Ederren Fakultatearen bitartean dagoen albotiko sarrera.
“Ez daukat zalantzarik lan hauek eragozpenak eragingo dituela unibertsitate-erkidegoan, baina ahalegin osagarri bat egin behar dugu guztiok, Parke Zientifikoaren urbanizazioan eta bere saihesbidearen eraikuntzan beharrezko aurrerapausoa delako honakoa”, adierazi du Garitaonandiak.