Sopelako Herri Bilguneak udal batzarrean irakurritako idatzia:
Idazki honen bitartez Herri Bilguneak Sopelako jaietan gertatutakoa salatu nahi du.
Sopelako Herri Bilguneak aurtengo San Pedro eta Karmengo jaietan herri honetako preso eta errefuxiatuekiko elkartasuna adierazteko asmoz burututako ekintzek dituzten ondorioak salatu nahi ditu. Zilegitasun osoz eta jaietan parte hartu duen gehiengo baten babesa duten presoen aldeko kalejira bertan bagara utzi behar izana eta Ertzaintzak txosna gunean jaien antolaketan aritu diren pertsonei eginiko jazarpena, jaiekin zerikusirik ez duten subjektu arrotzen inposizioa bezala baino ezin dugu ulertu.
Sopelako jaietan azken urteetan kalejira hau burutu izan da inolako arazo eta egoera gatazkatsurik sortu gabe. Gogoratu nahi dugu garai haietan ez geundela gaur egun gauden egoeran, zenbait aldarrikapen politiko egiteak ekar zitzakeen ondorio errepresiboengatik.
Aurten ordea, normalizazioa eta bakea bilatze aldera eman diren pausoei esker egoera desberdin batean aurkitzen gara. Baina egin den bide guzti hori kontuan hartuta ere, aurten presoen eskubideen aldeko kalejira burutzea debekatu digute, Audientzia Nazionaletik Sopelako Udalera bidalitako agiri bat dela medio.
Guzti honen aurrean Sopelako Herrira mugimenduak ondorengoa adierazi nahi du:
- Bat, debeku hau Sopelako sektore politiko batek burutu duen jokaldi politiko baten barruan kokatu behar dugula, jaietako programan agertzen zen presoen aldeko ekimen bat salatu eta Audientzia Nazionalari debekua ezartzeko bidea zabaldu diona.
- Bi, publikoki ilegalizazio garaiak gainditu, prozesua bultzatu eta egoera normalizatzearen alde azaldu direnak, Sopelako herritarren gehiengo batek konpartitzen duen presoen eskubideen aldeko aldarria, eta horrekin Herrira mugimendua ere, kriminalizatzeko saiakera argia egin dutela eta horren azpian udaletxea gobernatzen duen taldearen kontra jotzeko helburua dagoela.
- Hiru, ez dugula utziko aldarri hori alderdiek izan dezaketen interes politikoen arabera erabiltzen. Euskal preso politikoenganako errespetua exijitzen dugu, baina baita sopeloztarren borondatea errespetatzea ere.
Herrira mugimenduak askotan adierazi duen bezala, Frantzia eta Espainiako espetxeetan euskal presoek bizi duten egoerak gatazka politiko-armatu baten ondorioz estatuek hartutako salbuespen neurriei erantzuten dio. Aurreko egoera gainditu eta konponbide demokratiko batera eramango gaituzten pausuak ematen diren heinean, beharrezkoa da bidea oztopatzen duten neurri horiek baliogabetzea.
Euskal presoen eskubideak errespetatzea, salbuespen neurriekin bukatzea eta hauen etxeratzea da mugimendu honen helburua. Ezin da sopeloztar bat ere kartzelan egon benetako konponbide demokratiko eta baketsu bat lortzea bilatzen baldin badugu".