Saio nagusiak irailaren 6an hasiko dira, Mikel Urdangarinen musika intimistaren eskutik. Saio horretan, kantautorea Cristina Pato gaita-jotzaile, pianista eta musikagilearekin ariko da elkarlanean. Ostiralean, Irlandako Kíla taldea igoko da agertokira. Banda hori munduko musiken esparruan nabarmendu da azken urteotan, doinu zelten eta perkusio afrikarren fusioaz baliatuta.
Larunbatean, egun nagusian, Cheikh Lô artista senegaldarraren txanda izango da, zeinen musika ekialdeko eta erdiko Afrikako doinu tradizionaletan oinarritzen baita. Azkenik, igandean, hilak 9, "Sortuko dira besteak" ikuskizuna izango da. Xabier Leteren omenaldi horretan hainbat genero eta estilotako artistak jardungo dira: Pier Paul Berzaitz, Petti eta Mikel Urdangarin kantautoreak; Arantxa Irazusta mezzosopranoa; Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi) eta Alex Sardui (Gatibu) musikariak eta Amets Arzallus Bertsolaria.
Arratsaldeko saioetan, zaleek honako talde hauetaz gozatzeko aukera izango dute: Aba Taano ahots-talde ugandarra, Ganbara euskal taldea, Aragoiko Olga y los Ministriles, Gaztela eta Leongo Mayalde eta Toledoko Milo Ke Mandarini. Azken hori INJUVE Musika Zirkuitoak ekimenean parte hartzeko hautatu dute. Bestalde, Munduko Terrazan Ermuako 2011ko Folkez Blai jaialdiaren lehiaketan garaile atera zen Streetwings talde madrildarra eta Granadako Maui y los Sirénidos banda ariko dira. Jaialdiaren musika eskaintza borobildu da Mustapha Agharban musikari marokoarren haurrentzako perkusio-tailerraz, Suyana talde boliviarraren saioaz eta Eskoziako, Senegaleko, Galiziako eta Bizkaiko kale-banden desfileez.
Sarrerak
Ohi denez, saio nagusiak ordaintzekoak izango dira eta gainerakoak, doakoak. Sarrerak eta kontzertu guztietarako abonamenduak asteazkenean, abuztuak 1, jarriko dira salgai BBKren orotarako kutxazainetan, www.bbk.es webgunean, Algortako Kultur Etxean (Villamonte, A-8) eta 944 310 310 eta 94 491 40 80 telefono zenbakien bitartez.