Bizkaiko emakume bat hilik aurkitu zuten atzo Castro Urdialesko Vallegon industrialdean, indarkeria zantzuekin, besteak beste,
Berria.info agerkari digitalak zabaldu duenez. Arratsaldeko hirurak aldera topatu zuten gorpua, Espainiako Gobernuak Kantabrian duen ordezkaritzak jakinarazi duenez. Guardia Zibila ikertzen ari da gertatutakoa; hasiera batean, baztertu egin zuen genero indarkeriako kasu bat izatea, baina geroago hipotesi horri heldu zion Poliziak. Labanaz eginiko zauriak ere bazituen gorputzean. Hildako emakumea, Leire G.B., Zierbenakoa zen eta 29 urte zituen. Adin berekoa zen ustezko hiltzailea, eta emakumearen familiak duen enpresan lan egiten zuen. Espainiako Gobernuak jakinarazi duenez, ustezko hiltzaileak aurrekariak zituen hainbat sexu erasorengatik, eta hura ere hilik topatu zuten atzo bertan; Castro Urdialesko etxebizitza batean agertu zen urkatuta, poliziek emakumearen gorpua aurkitu eta bizpairu ordura. Gizonezkoa urkatuta agertzeak eta sexu erasoengatik aurrekariak izateak eraman dute Guardia Zibila ustea aldatzera; bortxaketa saioa da orain hipotesi nagusia, Espainiako Gobernuaren arabera. Argazkian, emakumeenganako indarkeriaren kontrako elkarretaratzea eskualdean, artxiboko irudian.