Algortako Karitate kalean dagoen Aldai patronatuan sartu eta bertan egoitza duten dozena bat kultur eta kirol talderi lapurreta egin diote hainbat ezezagunek. Ebasleek larunbateko arratsaldea eta asteleheneko gaua bitartean jardun zuten. Izan ere, atzo 21:30ak aldera, Portu Zaharreko jaietako txosnetan aritutako bi lagunek topatu zuten lapurretaren ageriko zantzuak, materiala gordetzera zihoazela. Patronatuaz gain, kaltetutako herri taldeak honako hauek izan dira: Getxo Rugby Taldea, Getxoko Herri Kirol elkartea, Bizarra Lepoan Getxoko euskara elkartea, Egizu! Getxo Euskaldun elkartea, alopeziaren aurkako Ilegabe elkartea, Basozaleak elkarte mikologikoa, Algorta.org, Justuri irratia, Atfal Sahararen aldeko Getxoko elkartea, Algortako San Inazioetako Aixerrota jai batzordea, Alboa emakumeen elkartea eta UKBERRI.NET argitaratzen duen Ukberri Uribe Kostako Komunikabide Euskaldunak. Kasu guztietan, gaizkileek atea bortxatu dute. Gainera, hainbat bulegotan sartu, tartean UKBERRI.NETena, eta mahaiko tiraderak, apalak eta zenbait karpeta eta dokumentu miatu dituzte, antza, diru bila. Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren Unitateko kideen aburuz, lapurrak lorategiko leihotik sartu eta katu batez baliatu ziren ateak "sardina-latak bezala irekitzeko". Tresnari sendotasuna emateko, kontrako hormetaraino heltzen zen egur edo metalezko pieza batez lagundu ziren. Operazioa "profesionalen" itxura duen arren, Ertzaintzak ez du baztertzen egileak aurkitzea, hatz-marka bat dela medio. Gauzak horrela, elkarte bakoitzak lapurtutakoaren inbentarioa egiten dihardu, datozen orduetan Ertzaintzaren aurrean salaketa jartzeko. UKBERRI.NETen kasuan, argazkirik eta informazio konfidentzialik ez zuen ordenagailu eramangarri bat eta 50 bat euro eraman dituzte gaizkileek. Argazkian, ebasleek UKBERRI.NETeko erredakzioan mespretxatutako diru xehea.